Gipuzkoako Kros Txapelketa jokatuko da igandean Goenan

Urola Kostako Hitza 2005ko abe. 16a, 14:12
Iaz Goenan korritu zen Ikasberri K.E. VII. Krosa

Ikasberri Kirol Elkartearen Krosaren baitan jokatuko da txapelketa, 10:00etatik aurrera( Urola Kostako Hitza)

Etzi, 10:00etatik aurrera, Gipuzkoako Kros Txapelketa jokatuko da Goenako kanpan. Ikasberri Kirol Elkarteak antolatutako VIII. Krosa lasterketaren baitan korrituko da.

Gazteen artean eskolartekoak eta helduetan federatutako lasterkariak ariko dira lehian Goenako kanpan jarriko den zirkuitoan. Lasterka jardungo duten korrikalarien artean ezagunak eta ez hain ezagunak direnak izango direla azaldu dute antolatzaileek. Tartean kanpokoak eta bertakoak ere izango dira. Jaouad Boulue marokoarra da kanpotik etorriko denetako bat. «Honek Aragoitik deitu zigun ea korrikalari keniarrik ba al zetorren galdetuz. Ezetz erantzun genion eta etorriko zela esan zigun», kontatzen dute Ikasberri Kirol Elkartekoek. Hemen inguruan ezagun diren atletak etorriko dira batzuk, askok Gipuzkoako txapela jokatuko dute gainera. Besteak beste, Iruña Atletismo taldeko Andoni Arraras, Sagrario Izquierdo eta Amaia Insausti ariko dira Goenan. Gipuzkoarren artetik, berriz, Asier Cuevas, Ramon Otegi, Cipriano Burcio, Xabier Iturralde, Roberto Ruiz, iazko Gipuzkoako txapeldunak Blanco eta Itziar Urdangarin, Iratxe Aranburu, Onintza Zeberio... Ikasberri Kirol Elkarteak krosa antolatzen lagundu dutenak eskertu nahi ditu: "Bestela ezingo litzateke horrelako lasterketa bat antolatu eta eskerrak eman nahi dizkiegu laguntza eman diguten herriko enpresei eta Azpeitiko Udalari eta Urola Kostako Hitzari". Aurten, gainera, eta bigarren urtez jarraian, Argazki Elkartekoen laguntzarekin igandeko krosaren inguruko argazki lehiaketaere antolatu dute Ikasberri Kirol Elkartekoek. Ikuskizuna behintzat izango da igandean.