Gainbeherari aurre eginez

Urola Kostako Hitza 2005ko abe. 15a, 15:12
Petra Ariztimuño Errezilgo Azokako kidea, Maider Aramendi EBELen koordinatzailea eta Begoña Galarraga Errezilgo Azokako kidea, asteartean Azpeitian eman zuten hitzaldian

Azokak bizitu, elikadura-osasunarekin ez jolastu kanpainari ekin diote baserritarrek, eta asteartean (abenduak 13) Azpeitian aurkeztu zuten ekimena

Baserritarran azokak, asterokoak edota egunerokoak, azken urteetan gainbeheran doazela-eta horri aurre hartu nahian Gipuzkoako EHNE sindikatuak eta EBEL Elkateak Azokak bizitu, elikadura-osasunarekin ez jolastu kanpainari ekin diote. Aste osoan herriz herri, azokaz azoka, ibiliko dira baserritarrak informazioa banatuz.

Kanpainako lehen geldialdia Azpeitian egin zuten asteartean, eta asteroko azokan hasi zuten ekimena. Iluntzean, berriz, Sindikatu Zaharrean bilduta beren egoeraz solasean aritu ziren. "Azken urteetan azoketan gertatzen ari dena ikusita, kezkatuta gaude. Baserritarrek gero eta galera handiagoak dituzte eta kontsumoa beste istorio batzuetara bideratu da. Urtebetean Gipuzkoan lau azoka itxi dira", esan zuen Maider Aramendik, Emakume Baserritarren Elkarteko koordinatzaileak.

Azoketan lan egiten duten baserritarren %90 emakumeak dira. "Emakumeak dira aurreko egunetan azokara eraman behar dituzten produktuak prestatu, txukundu eta saltzera doazenak. Benetako azokazalea emakumea da. Azoketako batez besteko adina ere altua da gaur egun: saltzaileek batez beste 55 urtetik gorakoak dira", diote.

Azokak bultzatu eta kontzientziazko lana egiteko asmoa dute baserritarrek, horretarako instituzioekin harremanetan jarri eta asteroko edo eguneroko azokak sustatzeko eskatuko diete. Asmo horrekin abiatu dute kanpaina eta urtaro bakoitzeko aste batean herriz herri eta azokaz azoka ibiliko dira. Aste honetan Azpeitian, Ordizian, Tolosan eta Arrasaten izango dira. "Azokak bultzatzeaz gain elikadura eta kontsumoa orekatuaz kontzientziatu nahi dugu jendea. Gure herriko produkzioa baztertu eta plastikoa jaten baita gaur egun. Azoka, gure herriko produkzioaren leihoa, dena hiltzen ari da", diote.

Errezilgo esperientzia

Azpeitiko solasaldian azokak eta bertako produkzioaren aterabidea pizteko alternatibak aztertzen ari direla azaldu zuten. Adibide moduan Errezilgo azokaren kasua jarri zuten. "Orain dela hamar urte Errezilgo sei baserritar elkatu ginen. Azoketara txandatuz joanez, Errezilen bertan denda irekiz eta Udalari transformazio zentro bat jartzeko eskatu genion, eta proiektu hori aurrera doa", azaldu zuen Begoña Galarraga Errezilgo azokako kideak.

"Baserritarrak geure artean bildu eta antolatzen baldin bagara, etekin gehiago aterako dugu", kontatu zuen solasaldian Petra Ariztimuño Errezilgo azokako kideak.

Azpeitian, batzordea

Informazioa banatzera herri bateko azokara joaten direnean, baserritarrek batzorde bat osa dezaten lan egingo dute. "Elkarlanean gauzak hobeto egiten direlako", diote EBEL-ekoek. Azpeitian azokako batzordea osatzeko lehen batzarra egin dute, eta 14 baserritar bildu ziren. Udalari bilera ere eskatu diote beraien kezka eta eskarietaz hitz egiteko. "Azpeitiko azokan egoten diren baserritarrek azoka plazan azpiegitura eskasia eta gabezia asko dituztela esan zuten azkena egin genuen batzordean", azaldu zuen solasaldian Begoña Galarraga Errezilgo baserritarrak.

Elkarlanean azokak eta bertako produktuak bultzatzeko ahalegina egitekotan gelditu dira baserritarrak, haien ustez, "merezi duelako eta osasuntsua delako".