Hiru ikastaro berri Zapo Txokon

Urola Kostako Hitza 2005ko abe. 14a, 15:12

Ikastaroetan parte hartzeko izena abenduaren 30a baino lehen eman behar da (Urola Kostako Hitza)

Datorren urteko lehen hiruhilerako -urtarrila, otsaila eta martxoa- hiru ikastaro berri antolatu ditu Zapo Txoko Gaztelekuak: txalaparta, elikaduraren garrantzia eta sukaldaritzaren hastapenak. Bestalde, aurrez abian dauden capoeira eta taichi ikastaroek jarraitu egingo dute urtarriletik aurrera ere.

Dagoeneko ikastaroetan parte hartzeko izena eman daiteke, hilaren 30a arte. Izena Zapo Txokon bertan eman daiteke astelehenetik larunbatera, 08:30etik 13:30era eta16:30etik 19:30era.

Ikastaroak emango dituzten hiru irakasleak eskualdekoak dira. Txalaparta, Roge Astigarraga azkoitiarrak emango du. "Txalaparta jotzeko era tradizionaletik abiatuz, txalapartari berriek dituzten jotzeko moduetaraino iritsiko gara ikastaroan", dio. Aurrena tresnaren kokapen teorikoa egingo dute eta grabazioak entzungo dituzte eta ondoren alderdi praktikoari helduko diote. Nahi duten ikasleek txalaparta materiala erosteko aukera ere edukiko dute.

Elikaduraren garrantziari buruzko ikastaroa Aitziber Aizpuru azpeitiarrak emango du. Hitzaldiez osatutako ikastaroa izango da eta osasuntsu egoteko jateko ohitura egokiez jardungo dute.

Sukaldaritzaren ikastaroak "arrakasta" izaten du beti, itxaron zerrendak egon ohi direlako. Horregatik berriro antolatu eta bi talde osatzea erabaki dute. Irakasle, Zestoako bainuetxeko sukaldari Ander Oruesagasti azkoitiarrak jardungo du.

Ikastaroak

Ikastaro berriak

Txalaparta. Asteartetan izango da, 18:30etik 20:00etara. Urtarrilaren 10ean hasi eta martxoaren 28ra bitartean. Zapo Txoko gaztelekuan. 16,5 orduko iraupena du. Ikastaroa 30 euro kostatzen da eta gazte, ikasle edo langabetu txartelarekin 25 euro. Roge Astigarraga azkoitiarra ariko da irakasle.

Elikaduraren garrantzia. Osasuntsu egoteko jateko ohitura egokiak ikasteada ikastaroaren helburua. Hitzaldiz osatuta burutuko da. Hitzaldiak ostegunetan izango dira, urtarrilaren 2an eta 9an, 18:30etik 19:30era, Zapo Txokon. Lau orduko iraupena izango dute eta 10 euro kostatuko dira. Aitziber Aizpuru azpeitiarrak emango du.

Sukaldaritzaren hastapenak. Bi talde egongo dira, bata asteartetan eta bestea asteazkenetan. Biak 18:30etik 20:30era bitartean. Asteartetako taldea urtarrilaren 10ean hasiko da eta asteazkenetakoa 11n. 20 orduko iraupena izango du. Ikastaroa 60 euro kostako da eta gazte, ikasle edo langabetu txartelarekin 50 euro. Irakasle Ander Oruesagasti azkoitiarra ariko da.

Jarraituko dutenak

Taichi. Asteartetan izango da Zapo Txoko gaztelekuan, 10:30etik 12:30era. Urtarrilaren 10ean hasiko da eta martxoaren 28ra arte izango da. Ikastaroa 50 euro kostatuko da eta gazte, ikasle edo langabetu txartelarekin 45 euro.

Capoeira. Asteazkenetan da 18:30etik 19:30era Zapo Txoko gaztelekuan. Urtarrilaren 4an hasi eta martxoaren 29an bukatuko da. 13 orduko iraupena izango du. 45 euro kostatuko da ikastaroa eta gazte, ikasle edo langabetu txartelarekin 40 euro.