Imanol Zinkunegi zuzendariaren lehen filma

Uztarria 2005ko abe. 10a, 15:12
Imanol Zinkunegi (Irutxuloko Hitza).

Pailazokeriak animaziozko pelikula zuzendu du; orain dela bi aste estreinatu zuten

Azpeitiarra da jaiotzez, Kontxu Odriozola aktorearen semea; hogeitaka urte da Donostian bizi dela

Imanol Zinkunegi jaiotzez azpeitiarra da. Hain zuzen, Kontxu Odriozola aktorearen eta honen senar Imanol Zinkunegiren semea da. Hogeitaka urte dira familia Donostiara joan zela bizitzera. Antigua auzoan bizi izan da hogei urtez, eta orain Donostiako beste auzo batean bizi da: Martutenen. 30 urte pasa dauzka.

Marrazki bizidunen arloan lanak egindakoa da, eta oraingoan film bat zuzendu du: Pailazokeriak. Hark zuzendu duen lehen pelikula da. Azaroaren 27an estreinatu zuten, Donostian, Kursaalen, eta Donostian bertan, Antiguo Berri eta Principe aretoetan ikus daiteke. Gasteizen, Bilbon, Barakaldon, Basaurin, Irunen eta Iruñean ere ikus daiteke. 70 minutuko iraupena du.

Pelikula euskaraz dago. “Txirri, Mirri eta Txiribiton oso gureak dira, eta pelikulak euskaraz izan behar zuen. Aurrerago ikusiko dugu beste hizkuntzetan ere estreinatzen dugun”, esan du Zinkunegik.

Animaziozko filma da, eta bertan Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoekin une atsegina pasatzeko aukera dute haurrek. Abentura da nagusi. Tifoiak, itsasikarak... denetarik dago. Hiru pailazoek Lady Control andere maltzurrari eta DR bere ikasleari aurre egin beharko diete, mundua salbatzeko. "Gainera, zirkoaren mundua, absurdoaren mundua, pantailara eramaten saiatu gara”, esan dute egileek. Musikak ere badu tokia, noski. "Nor Txirri, Mirri eta Txiribiton baino hobe beraien pelikulako abestiak kantatzeko?".

Gidoia Joxan Muñozek eta Juanba Berasategik idatzi dute. Berasategi bera da ekoizlea. Musika, Joserra Senperenarena da. Duela bi urte hasi ziren filmarekin.

Egitean, ordenagailuz eta eskuz egindako lana nahastu dute. Dekoratuak hiru dimentsiotan egin dituzte; hau da, ordenagailuz. Pertsonaiak, berriz, eskuz; bi dimentsiotan. Imanol Zinkunegi zuzendariaren arabera, bi teknikak nahastea ez da berria animaziozko pelikuletan. Bai, ordea, beraientzat. “Bi teknikak batera erabiltzen ditugun lehen aldia da. Hori izan da zailena”, zioen maiatzean Irutxuloko Hitza Donostiako egunkarian.

Honatx Irutxuloko Hitza-n bertan orduan egin zioten elkarrizketa laburra:

Pelikula bat zuzentzen duzun lehen aldia da. Baina aurretik ere aritu zara marrazki bizidunak egiten, ezta?

Bai. Zuzentzen ari naizen lehen aldia da, baina lehendik ere hainbat pelikulatan talde berdintsua aritu gara lanean. Balearenak: ipar haizearen erronka, Ahmed: Alhambrako printzea, Karramarro Uhartea eta Alhambrako giltza pelikuletan aritu naiz, animazio zuzendari.

Zer moduzko esperientzia izaten ari zara?

Lehendik ere banekien marrazki bizidunen pelikula egitea nolakoa zen. Baina zuzendari izanda, erantzukizun gehiago dut orain. Hala ere, taldekoak familia handi bat bezala gara. Egun guztia pasatzen dugu elkarrekin, eta horrela lan egitea askoz ere errazagoa da.

Osasuntsu al daude marrazki bizidunak Donostian?

Bai, oso. Lotura Films-ekoak aurretik Amara Berrin izan genuen egoitza. Orain Mirakruz gainan dugu. Toki estrategikoa da, bikaina. Jendeari Arzak jatetxearen parean gaudela esan, eta segituan daki non gauden. Batzuek ea bertan bazkaltzen ote dugun galdetzen digute, baina ez da horrela, zoritxarrez. Ez baita tokirik egoten...