Mikel Aranbururi eman diote alta

Uztarria 2005ko abe. 9a, 17:12

Realeko jokalaria eguerdian atera ospitaletik, Mikel Labakarekin

"Denon laguntza eskertu nahi dut", esan du

Mikel Aranburu, Realeko jokalari azpeitiarrak gaur (ostirala) utzi du Donostiako Poliklinikoa eta etxean da dagoeneko. Azkeneko egunak han pasatu ditu, lehengo igandean Santanderren Racingen aurka eskubiko belaunean lesio larria izan eta herenegun operatu ondoren. Eguerdian irten du ospitaletik, Mikel Labaka azpeitiar taldekidearekin batera; honek ekarri du kotxean. Igor Jauregi taldekidea ere han zen.

Etxera abiatu baino lehen, hedabideen aurrean mintzatu da Aranburu, labur, eta "eskerrak" eman ditu, senideak, lagunak, taldekideak... ondoan izan dituelako: "Azken egunetan jaso ditudan laguntza eta animo mezuak eskertu nahi ditut. Ebakuntza ondo atera zen eta orain lehenbailehen errekuperatzen saiatuko naiz". Sei bat hilabetean ezingo du jokatu.

Jose Mari Amorrortu, Realeko entrenatzaileak Aranburuz hitz egin du gaurko agerraldian, eta pena dauka: "Aste zaila bizi izan dugu lesioagatik. Aranburuk pisu handia du ekipoan, baina, batik bat, haren egoerak kezkatzen nau. Jakina, entrenatzaile gisa, konfiantza handia neukan harengan. Jokalari guztiak dira garrantzitsuak, baina, batez ere, Aranburu zen inportantea".

Oriol Racingeko jokalariak sarrera gogorra egin zion azpeitiarrari lehengo igandean, baina Espainiako Ligako Lehiaketa Batzordeak ez du kontuan hartu gertatu dena. "Ezintasun handia dugu", esan du Amorrortuk.