Loidisaletxe: "Bertsolaria jaio egiten da, baina bertsolari izaten ere ikasi egiten da"

Urola Kostako Hitza 2005ko abe. 9a, 11:12

Bertsolari errezildarrak Txapel zenaren omenezko saioan hartuko du parte abenduaren 20an ( Urola Kostako Hitza)

Joan Jose Eizmendik Loidisaletxek, 45 urte ditu eta errezildarra da. Urte mordoska da bertsotan hasi zenetik, eta beti afizioz aritu izan da. Azken urteotan Erniarraitz bertsozale elkarteko irakaslea da, eta abenduaren 20an, Azpeitian, Txapel bertsolari errezildarraren omenez egingo den bertso saioan parte hartuko du.

Noiz hasi zinen bertsotan?

Lagun artean hasi nintzen, hamasei urte inguru nituenean. Banuen lagun bat beti bertsoak botatzen hasten zena, eta jarraitu egiten nion. Lagunartean bat hasten zenean beti baginen bat baino gehiago jarraitzen genionak. Gainera, etxean ere aita bertsolaria nuen, eta horrek ere eragina izan zuen.

Beraz, familian bertsolariak izateak ere bere eragina izan du zure bertsozaletasunean?

Bai, dudarik gabe eragina izan du, baina lagun artean izan dudan bertsoetarako giro horrek eragin gehiago izan duela esango nuke. Ez banu giro hori izan ez dut uste hainbesteko bertsozaletasunik izango nuenik. Hasieran lagun giroak eragin handia du, eta gerora jartzen zara etxera begira.

Bertsolaritzak zer garrantzia du zure bizitzan?

Asko gustatzen zaidan gauza bat da, eta hobby polit bat da niretzat, denborapasa baino gehiago, baina horretara dedikatu gabe. Leku pila bat eta jende pila bat ezagutzeko aukera eman dit bertsolaritzak, eta azken batean konjunto polit bat osatzen du horrek.

Txapel errezildarraren omenezko saioan hartuko duzu parte hilaren 20an. Nola ikusten duzu saio hori?

Gustura nago, saio bat beti da pozgarri. Aspaldiko esaera da, saio batek bi gauza on dituela: deia eta soldata. Deia jasotzen duzunean ilusioa egiten dizu, eta eguna hurbiltzen hasten denean harra hasten zaizu barrua jaten, baina gustura nago. Duela 15 bat urte saio honetan aretoa bete egiten zen, gaur ez dago horrelakorik. Agian orain dagoen jende kopurua da bertsozaleen kopuru erreala, garai batean erdaldunak ere joaten baitziren saioetara. Ez dakit, baina garaiak asko aldatu dira.

Bertso eskolak ematen dituzu Erniarraitzen. Zer moduz?

Nahiko ondo. Talde politak izan ditugu eta gustura. Batzuen maila beste batzuek ezin izaten dute harrapatu, baina orokorrean gustura.

Eskualdean etorkizunik ikusten al duzu?

Bai, gaur egun eskualdean badaude maila onean dabiltzan bertsolariak. Gainera, beraiek bertso eskolak ematen dituzte, eta beraien bertso ikasleen eredu dira. Ikasleari ilusio eta bultzada handia ematen dio horrek.

Bertsolaria jaio egiten da edo egin egiten da?

Orain dela urte batzuk, galdera horren erantzuna dudarik gabe jaio litzateke. Gaur, zalantzak ditut, jaiotzen bada, hori landu eta balekoa izango da, baina badaude kasuak euskaldun berriak diren bertsolarienak ere. Horiek ez dira jaio, eta ikasi egin dute.