Nolakoak dira beste Kafe Antzokiak?

Uztarria 2005ko abe. 6a, 16:12

Udaleko ordezkariak eta Uztarriako kideak Durango eta Elgetako kafe antzokietan izan ziren urrian

Uztarriak, Soreasu kultur gunea osatu asmoz, Kafe Antzokia sortzea proposatua du

Urriaren 21ean Uztarria Kultur Koordinadorako hiru kide eta Azpeitiko Udaleko hiru ordezkari (Aitor Gorrotxategi, EAJ; Aitzol Iparragirre, Habea; eta Kontxita Martija, EA) Durango eta Elgetako kafe antzokietara joan ziren bisitan. Uztarriak Azpeitiko Udalari, Soreasuko proiektua hobetzeko asmoz, Kafe Antzokia egiteko proposamena egin dio, eta bisita horien bidez, Udalari bi areto haien esperientzia ezagutarazteko asmoa zuen.

Bi antzokietako arduradunekin egon ziren bileran Uztarriakoak eta Udalekoak (BeƱat Gaztelurrutia, Durango; Iban Aranzabal, Elgeta), eta han jasotakoarekin, akta egin du Uztarriak (haiei kontrastatzeko bidali genien testua, eta balekoa eman zuten). Azpeitiko alkateak eta udal talde denek dute aktaren kopia bana azaroaren erditik.

Uztarriaren ustez, oso egokia da Durangoko eta Elgetako antzokietako filosofia, egitura, lan egiteko modua, espazioaren antolaketa...

Plateruena (Durango)

www.plateruena.net

Nola sortu zen Kafe Antzokia? Berbaro Euskara Elkarteak Kafe Antzokia egitea proposatu zion Udalari, honek eraikin horretan, alboan egitekoa zen erakustazokari lotuta, taberna eta jatetxea jartzeko asmoa baitzuen.
Non dago antzokia? Zentroan, hiltegi zaharrean dago.
Zeinena da lokala? Udalarena.
Nork kudeatzen du? Berbarok.
Handia al da? 600 metro koadro ditu. Hiru pisu dauzka: behekoan taberna, jatetxea eta eskenatokia; goikoan anfiteatroa eta antzokiko arduradunen gelak; eta sotoan kamerinoak eta biltegia. Antzokian jende asko sartzen da: 1.200 lagun inguru.
Zeinek egin zituen egokitze lanak? Berbarok berak.
Nola lortu zuen dirua? Akzio bidez milioi bat euro, Berbaro tabernatik lortutakoak, eta kreditu bidez.
Zenbat kultur ekitaldi egiten dira? Asko. Urteko plana dute.
Ona izan al da herriarentzat? Bai. Giro ona sortu du. "Eta beste tabernariak-eta gustura daude". Kafe Antzokiak 4. tipoko kategoria dauka Durangoko Udalean. Herrian beste tabernak itxita daudenean, berau zabalduta egoten denez, larunbat gauetan 900 lagun bildu ohi ditu.

Espaloia (Elgeta)

www.espaloia.com

Nola sortu zen Kafe Antzokia? Euskara Elkarteak Kafe Antzokia jartzea proposatu zion Udalari, herriko kultur dinamika suspertzeko eta azpiegitura faltari erantzuteko.
Non dago antzokia? Zentroan, eskoletako azpi batean.
Zeinena da lokala? Udalarena.
Nork kudeatzen du? Goibeko Kultura Elkartea da sortu berri den kooperatibako bazkide nagusia. Kudeaketa, Espaloia Kooperatiba Elkartearena da.
Handia al da? 400 metro koadro. Bi pisutan banatuta: beheko solairuan sarrera (takillak eta barra txikia), taberna, eskenatokia, terraza, biltegia, komunak... eta pelikulak botatzeko pantaila txiki bat, kanporako ere balio duena; goiko solairuan sukaldea, jantokia, langileen komunak eta aldagelak (ohearekin), elkartearen gela, biltegia...
Zeinek egin zituen egokitze lanak? Udalak eta elkarteak. "Lokala egitean, edukiarekin pentsatu eta egokitu behar da".
Zenbat kultur ekitaldi egiten dira? Antzokia ireki zutenetik bederatzi hilabeteko kultur egitaraua izan dute. Udalak ere antolatzen ditu ekitaldiak han.
Ona izan al da herriarentzat? Bai. "Antzokiak kultura jendearengana eramatea lortu du. Garrantzitsua da eguneroko bizitza duen aretoa izatea".

Azpeitian bai?

Uztarriak irailaren 30ean Soreasuko kultur gunearen proiektuari emendakin bat sartu zion (Uztarriaren bazkideen berripaperean, uztarria.com-en eta 'Urola Kostako Hitza'-n argitaratu bezala): Soreasu osatu eta hari bizi handiagoa eman asmoz, "taberna kokatzen den eraikinean, aurreneko bi solairuen ia zati osoa Kafe Antzokia egiteko gordetzea".

Ezaugarriak. Durangoko eta Elgetako kafe antzokien antzekoak dira: Handia izatea, Uztarriak kudeatzea, kudeaketa profesionala, kultur ekitaldiak egitea, taberna-jatetxea, parte-hartzailea...