"Udal aurrekontu inbertsoreak", 2006. urtekoak

Uztarria 2005ko abe. 2a, 19:12

Habeak salatu egin du Udal aurrekontuak erabakitzeko modua, "ez da aurrekontuez hitz egiteko aukerarik egon"

2006ko udal aurrekontuak "aurrekontu inbertsoreak" direla zioen Manuel Unanue Ogasuneko batzordeburuak. "Programan zehaztutako proiektuak aurrera eramateko aurrekontuak dira, aurtengoen ildo beretik dihoaztenak", zioen. Aurrekontu osoan aurten baino diru gutxiago aurreikusi dute, Udalaren aurrekontu osoa 26.654.256 euro da (aurten baino 2.754.307 euro gutxiago). Azpeitia Lantzenerako 2006an diru gutxiago aurreikusten delako da horrela. Udalaren aurrekontu propioa ordea handiagoa da 21.359.787 eurokoa.

Aurrekontuak onartzeko atzo (abenduak 1) egin zen udalbatzarrean Habeako kideek aurrekontuak eztabaidatu eta erabakitzeko modua salatu nahi izan zuten, baina alkateak aurrekontuak onartzeko unera arte itxoiteko eskatu zien, orduan Habeakoek udaletxea utzi zuten. "Udalean baldintzarik ez da eman aurrekontuei buruz hitz egiteko. Batzorde gehienetan ez da aurkeztu aurrekontua eta proposamenak egiteko aukerarik ez da egon. Herritarren %25ak aurrekontu hauek bozkatzeko aukerarik ere ez dauka eta Udalak berak sortu dituen hainbat herritarren parte hartzeko mahaietan errespetu faltaz jokatu du", zioten Habeakoek.

Manuel Unanue (EA) eta Julian Eizmendi (EAJ) alkateak Habeakoei erantzuteko asmoa zutela azaldu zuten, baina Habeakoek udalbatza aretoa utzita zuten ordurako. Hala ere, alkateak aurrekontuak egiterakoan herritarren nahiak isladatu nahi izan dituztela esan zuen. "Aurrekontu hauek kontsentsu baten islada dira, hamaika bileretan azaldu diren proiektuak jasotzen dituztelako", zioen Eizmendik.

Igoera handiena

Hirigintza. Hirigintzak du aurrekontuetan igoera handiena. Aurten baino %65 gehiago izango du. Inbertsio gehienak hirigintzatik egingo direlako.

Gizarte Zerbitzuak saila. Gizarte Zerbitzuen sailaren aurrekontua %17 igoko da.

Inbertsioak

Soreasu. Soreasun egingo den kulturgunerako 1.920.000 euro aurreikusi dira. Eraikinaren lurrazpiko aparkalekuak egiteko 1.300.000 euro izango dira. Urtero diru kopuru bat aurreikustea erabaki dute.

Alde zaharra urbanizatzeko. Alde zaharra urbanizatzen jarraitzeko 500.000 euro aurreikusi ditu Udalak. Datorren urtean Perez Arregi plazan egin nahi dituzte obrak. Jaurlaritzak 100.000 euroko diru laguntza emango dio Udalari.

Bidegorriak. Bi urteren buruan, herri barruko bidegorri sarea egitea nahi du Udalak. 2006rako 360.000 euro aurreikusi ditu. Bidegorri sarea honako ibilbideekin osatu nahi dute: Juan XXIII.a-Amue, Amue-Landeta, Juan XXIII-Lasaorako bidea, Amue-kiroldegia eta kiroldegia-igerilekua. Azkoitia eta Azpeitia lotuko dituen bidegorria Aldundiak egingo du.

Nuarbeko urtegia. Nuarbeko urtegiaren ibilbide osoa oinezkoentzako egokitzeko proiektua egin du Udalak. 435.000 euro aurreikusi dira horretarako.

Azpeitia lantzen

Babestutako etxeak. Koartel zaharrean udal babeseko 20 etxe egingo dituztela aurreikusi dute eta Garmendi inguruan (lehen Epi kristaldegia zegoen tokian) babes ofizialeko 18 etxebizitza.