Eusko Jaurlaritzak iaz baino diru laguntza txikiagoa emango dio Uztarriari

Uztarria 2005ko abe. 2a, 12:12

Eusko Jaurlaritzako Kutura Sailak aurtengo diru laguntzak jakitera eman ditu

Euskal hedabideei orokorrean laguntza txikiagoa emango die

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak euskarazko hedabideak sendotzeko, garatzeko eta normalizatzeko ematen dituen diru laguntzak jakinarazi berri ditu, eta euskal komunikabideen alorrean laguntzek behera egin dute aurten. Jaurlaritzak iaz baino 15.000 euro gehiago banatu ditu baina proiektu gehiago daudenez aurten, egunkariak, aldizkariek... oro har, diru gutxiago jasoko dute.

Diru laguntzen gutxitze horrek eragin zuzena izan du Uztarriaren ere, iaz baino diru gutxiago jasoko baitu. Aurten aldizkarirako 6.059 euro jasoko ditu; iaz baino 1.043 euro gutxiago(iaz 7.102 euro jaso zituen). Uztarria.com web guneak, berriz, 709 euro jasoko ditu, iaz baino 551 euro gutxiago (iaz 1.260 euro eman zizkioten).

Euskarazko prentsaren sektoreak 2006rako eskaera bat egin berri dio Eusko Jaurlaritzari: sektoreari eman ohi dion diru laguntzen partida milioi euro bat handiagoa izatea. Bileratan ari dira bi aldeak. Diru laguntzen ordainketa aurreratzea ere eskatu du sektoreak.

Gai hau dela-eta Joanmari Larrarte EKTko kontseilari ordezkariak iritzi artikulu bat idatzi du gaur Berrian eta honako hau dio besteak beste: "Kultura Sailak diru laguntzekin daraman bideaz gogoeta egin eta nahikoa da esateko garaia iritsi da. Euskal hedabideen sektore indartsu eta sendoa nahi badugu, ezin da horrela jarraitu. Eta pentsatzekoa da Kultura Sailak berak ere sektore sendoa nahi duela; ustez, diru laguntzak helburu horrekin ematen ditu, edo hori dio behintzat diru laguntzen deialdia arautzen duen aginduak eta ondorengo ebazpenak: Euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko dirulaguntzak. Baina inork uste al du gertatu denak ezer sendotu, garatu eta normalizatzen lagun dezakeenik?"".