'Karakolean' jarriko dute igogailua

Urola Kostako Hitza 2005ko aza. 24a, 12:11
'Karakolean' jarriko da Etxe Alairako oinezkoentzako igogailu publikoa.

Abenduaren 31 baino lehen, igogailua jartzeko obrak egingo dituen enpresa lehiaketa bidez aukeratu behar dute (Urola Kostako Hitza)

Abenduaren 31 baino lehen Etxe Alai auzo gunerako oinezkoentzako igogailua jartzeko lanak emanda egon behar dutelako, igogailua jartzeko obrak kontratatzeko lehiaketa abian jarri dute. Igogailua zein gunetan jarri eztabaidak egon dira, baina azkenean karakolean jarriko dute Etxe Alairako igogailua, "egin diren azterketek bertan jartzearen aldekoak direlako,jende gehien inguru horretan bizi delako edo gune horretatik ibiltzen delako".

Obrak kontratatzeko lehiaketaren berri Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak eman zuen atzo, asteazkena, azaroaren 23an. Presazkoa da obrak kontratatzeko lehiaketa, eta aurrekontua 307.083,64 eurokoa da (BEZ-a barne). Eskaintzak atzo hasi eta hamairu egunen barruan aurkeztu beharko dira, Azpeitiko udaletxeko erregistro nagusian.

Eusko Jaurlaritzatik Etxe Alai alderako igogailua jartzeko diru laguntza jaso du Azpeitiko Udalak. Enparan kaleko eta Plaza Txikiko lurzorua berritzeko obrak egin eta Etxe Alai aldera igogailua jartzeko 414.000 euro jaso ditu.