Biele enpresak beste sari bat jaso du, Valentzian

Urola Kostako Hitza 2005ko aza. 18a, 10:11

Egurrerako makina eta erreminta feriak Berrikuntza saria eman berri dio enpresari (Urola Kostako Hitza)

Biele S.A. enpresak Berrikuntza saria jaso zuen joan den astean FIMMA-n (Egurrerako makina eta errreminta ferian). Feria hilaren 9tik 12ra bitartean izan da, Valentzian (Herrialde Katalanak). 46.851 profesionalen bisita izan zuen feriak eta 1.289 enpresak parte hartu zuten bertan. Bielek ere erakustokia jarri zuen ferian bertan.

Urte eta erdiren buruan bi sari jaso ditu Bielek. Iaz, maiatzaren 14an, Gipuzkoako Pymea jaso zuen. sari hori enpresa txiki eta ertainei dagokie eta Gipuzkoako Bazkundeak banatzen du. Orduan, "bere hazkunde jarraiagatik eta teknologia, berrikuntza eta I+G-aren aldeko apustuarengatik" eman zioten saria.

Biele S.A. enpresaren jarduera, prozesu industrialentzako automatizaziorako proiektuetan dago espezializatua. 2002. urtean muntaketa eta mekanizatu tailerraren planta bikoiztu egin zuen, 6.800 metro koadro hartuz. Horretarako, guztira 3,25 milioi euroko inbertsioa egin zuen.