Margoak berreskuratzeko lanak bukatu dituzte

Urola Kostako Hitza 2005ko aza. 12a, 13:11

Saez Elola kapera berreskuratzeko lanak bukatu dituzte

Kaperan "balio handiko ondarea" aurkitu dela esan dute

Azpeitiko Soreasu Sebastian parrokiko Nicolas Saez Elolaren kaperan zaharberritze lanak egiteko erabakia hartu zuten parrokiko arduradunek. Eguneroko ospakizunetarako egokitu nahi zuten. Horretarako lanak egiten hasi zirenean, ordea, ezkutuan altxor bat egon zitekeela ohartu ziren. Kaperako erretaula bat kendu zutenean, margolanak agertu ziren ukondo bat, zehazki. 2003ko azarotik gaineko margoa eta zikinkeria kentzen jardun dute, margo ugari azaleratu dituzte eta harrian egindako irudiei eta kaperari berezko kolorea eman diote. Dagoeneko bukatu dute berriztapen lanarekin. "Balio handiko ondarea dagoela esan dute kapera berriztatzen jardun dutenek. Aurreko batean EHUko irakasle bat etorri zen bere ikasleekin Elolaren kapera ikustera, eta irakasle hark asko goraipatu zuen kapera", dio Kepa Susperregi Azpeitiko erretoreak.

Espero ez zuten irudi bilduma azaldu da berriztapena egin ondoren. "Hasieran kanpoaldeko margoa kendu eta beso baten irudia agertu zen. Hortik hasita, orain irudi eta eskulturen bilduma oso bat berreskuratu da", dio Susperregik. "Giza irudi asko ageri dela esan dute arte adituek", dio kaperan aurkitutakoaz. Margoak, eskulturak eta kaperaren estruktura arkitektonikoa berpizkunde garaikoak dira. Kareharria eta ondar harriz egindako kapera da, eta koroa ere badu.

Saez Elolaren kapera 1555.ean egin zuten, baina 1898an berriztatu eta olio-pinturaz margotu zuten, orain berreskuratu diren margoak ezkutuan geldituz. Orduan obraren ardura Francisco Larrañagak izan zuen.

Saez Elolaren kapera berreskuratzeko lanen kostu ekonomikoa Aldundiak hartuko du beregain. Baina hura argiztatu, berogailuak jarri eta lur zoru berria jartzeaz Azpeitiko parrokia arduratuko da. «Lanak bukatzen direnean jendaurreko agerpen bat eman beharko dugu, eta orduan diru kontuen berri jakinaraziko dugu», dio Azpeitiko erretoreak.

Orain kapera berriztatzeko bertan jarri den burdinezko estruktura guztia kendu beharko da, eta bertan erretaula jarriko dute.

Gainontzeko lanak

Saez Elola kaperako margo eta irudiak berreskuratzeko lanak bukatu ondoren, hasierako asmoari helduko diote Azpeitiko parrokiakoek: kapera eguneroko ospakizunetarako egokitzea, alegia.

"Argia, berogailuak eta lur zoru berria jartzeko aurrekontuak eskatuta genituen, baina dagoeneko urte batzuk pasatu dira ordudanik, eta orain berriro eskatu beharko ditugu aurrekontuak eta argiztatzearen proiektua ere egin egin beharko dugu", dio Kepa Susperregi Azpeitiko erretoreak.

Datorren urtean kaperako lan guztiak bukatu egingo dituztela espero du Azpeitiko erretoreak. Lanak bukatuta egunero erabiliko dute kapera berriztatua.

Kaperako margolan eta irudiak ikusgai hemen klik eginda.