Udala mailegua eskatzekotan da

Urola Kostako Hitza 2005ko aza. 5a, 13:11

2005eko aurrekontua "orekatzeko" balioko duela dio Udalak (Urola Kostako Hitza)

Urriaren 6ko udalbatzarrean mailegu aldaketa batzuen berri eman zuten, hiru proiektu garrantzitsurekin zerikusia duten aurrekontuen handitzeari lotutakoak ziren aldaketak: Garmendipeko kirol gunea, Santutxoko horma eta Alde Zaharra biziberritzea. Orduan, Udalak mailegua eskatu ala ez aztertuko zuela aipatu zuten Udaleko arduradunek. Herenegun, azaroak 3, Udalak eskatuko duen maileguaren plan ekonomiko-finantzieroa onartu zuten ohiko udalbatzarrean; PSE-EEko Manoli Uranga abstenitu egin zen gaia ondo ez zuelako ezagutzen. Manuel Unanue Udaleko Ogasuneko batzordeburuak esan zuenez, 2005eko udal aurrekontua "orekatzeko" mailegua atera beharra dago. Azpeitiko Udalak bost banketxetan galdegin du eta azkenean mailegua Kutxan eskatzea erabaki du: "Beste batzuetan hilero gutxiago ordaindu beharko litzateke, baina Kutxak Udalari eta herriari egiten dizkion aportazioak hartu ditugu kontuan han eskatzeko erabakia hartzeko. Antzerki Topaketetarako, kirolerako... diru laguntzak ematen dituelako eta Enparan Dorretxea ere Udalak erabiltzen du gaur egun".

Plan ekonomiko-finantzieroa egiteko orduan udal zerga eta tasekin erabilitako filosofia erabili dutela azaldu zuen Unanuek. Julian Eizmendi Azpeitiko alkatearen esanetan, besteak beste, zorpetzea ez gehitzea da Udalaren helburuetako bat.

Mozioa gazteleraz bakarrik

Julia Tercero PPko zinegotziak, Udalak Eusko Jaurlaritzari lehenbailehen Udalen Legea onartzeko eskaera egin dezan mozioa aurkeztu zuen herenegun. EA eta EAJk hori erabakitzeko lekua Udala ez dela erantzun zioten. Habeakoen esanetan gaia udalei ere badagokio, baina lege hori Euskal Herri osorako beharko lukeela azaldu zuten.

Mozioa gazteleraz bakarrik aurkeztu zuelako Manuel Unanue EAko zinegotziak haserrea azaldu zion Tercerori. "Guk, Udal agiriak zuretzako euskaratik gaztelerara itzultzeko ahalegina egiten dugu eta zuk, berriz, gazteleraz bakarrik ekarri diguzu mozioa. Beraz, hurrengo batean gaur gazteleraz ekarri duzun bezalaxe euskaraz ere ekartzeko eskatuko nizuke", esan zion Unanuek. Tercerok orduan barkamena eskatu zuen.

Legez kanpo utzitako Habea plataformako ordezkariek, udalbatzarreko mahaian Jose Anjel Altzuguren Kotto presoaren argazkia eta zinta beltzdun ikurrina jarri zituzten udalbatzarraren hasieran. Alkateak, horretaz ohartu zenean, udaletxeko batzar aretoan "ikurrak jartzea galarazita" dagoela adierazi zien Habeakoei.