uztarria.com-en bisitek gora egin dute blogei esker

Uztarria 2005ko aza. 4a, 18:11

Egunero 100 bisita gehiago ditu eta 1.000 orrialde gehiago erakusten dira; orotara, orain bisitak 1.100 dira eta orrialdeak 7.000

"Blogariak oso ondo ari dira", Uztarriaren ustez

Gaur (azaroak 4) hilabete jarri zen martxan uztarria.com-en Blogak atala. Bederatzi lagun hasi ziren eta Azpeitian esperientzia berria zen. Hasi da emaitza onak ematen, Uztarriak jakinarazi duenez: "Blogariak ondo ari dira eta webean bisitek gora egin dute blogei ondorioz". Uztarriako Komunikazio taldea "oso gustura" dago blogariekin, "sarri idazten dutelako, herriko gaiak aipatuz, eta horrek bizitasuna ematen dio webguneari. Eta ikusten da jendeak gustura hartu duela atal hori ere, bisitek gora egin dutelako. Bisitariak, gainera, ez dira denak Azpeitikoak".

Blogekin hasi aurretik uztarria.com-ek egunean 1.000 bisita inguru izaten zituen eta 6.000 orrialde bisitatzen ziren. Orain, berriz, egunean 100 bisita gehiago jasotzen ditu eta 1.000 orrialde gehiago erakusten dira. Beraz, orain egunero 1.100 bisita ditu webak eta 7.000 orrialde erakusten ditu. "Asko da hori euskarazko herri atari baterako".

Horretaz gain, euskarazko hedabideetan uztarria.com-ek blogek oihartzunik izan dute, hainbat aldiz aipatua izan delako (artikuluak erakutsiz, ekimen berria goraipatuz...).

Eta Azpeitian bertan beste eragin bat ere hasi da izaten: jendea blogari izateko animatzen ari da. Laster, beraz, blogari berriak izango dira. Uztarria bera herriko taldeei blogak eskaintzen ari da; "beraientzat erakusleiho ona da, eta guk parte-hartzea ere bilatzen dugu".

Uztarria.com-ek urtarrilean 2005eko Argia Saria jaso zuen, eta weba hobetzen segitzeko asmoa du. Hala, Udalari proposamen bat egin dio dedikazio handia eskatzen duen lan mota bat elkarrekin aurrera eramateko (herriko artikuluak sartu webean, liburu gehiago, turismo informazioa...), baina Udalak ez du oraindik erantzunik eman.