Igandean X. Mendiko Argazki Rallya izango da

Uztarria 2005ko aza. 3a, 13:11

Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta dute Rallya

Argazki Rallyko ibilbidea Odria auzotik barrena igaroko da

Tren museoa-Basabe baserria-Oielantzun-Arauntza-Odria-Tren museoa. Horixe da igandean X. Mendiko Argazki Rallyrako Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak aukeratutako ibilbide. "Azpeitiko Arauntza mendiaren magalean kokatuko da aurten Mendiko Argazki Rallya, Odria auzoan barrena, Izarraitz mendia eta Urola bailararen ikuspegi izugarriaz gozatzeko aukerarekin. Bi orduko ibilibidea da, baina argazkietan jasotzeko bost ordutik gora izango ditugu. Gainera, Arauntza baserriaren inguruan hamaiketako bikaina egiteko aukera egongo da", dio Juan Joxe Agirre Argazki Elkarteko kideak.

.X. Mendiko Argazki Rallyaren hitzordua igandean da. 08:30etik 09:30era bitartean izango da izen-ematea Julian Elorza hiribidea 6an. Izen-ematea 10 euro kostatuko da, eta 16 urtetik beherakoentzat bost euro. Ordainean 36ko diapositiba karretea eta hamaiketakoa sartzen dira. Ibilbiden zehar argazkiak ateratzeko aukera 14:00ak arte egongo da. Gero, nahi dutenak Laubide jatetxean elkartuko dira bazkaltzera.

Argazkiak ateratzeko sei gai emango dituzte antolatzaileek; gai gehienak mendiarekin eta naturarekin zerikusia dutenak izango dira.

Argazki Rallyko sariak

Helduentzat
Lehenengo saria: 180 euro eta garaikurra.
Bigarren saria: 150 euro eta garaikurra.
Hirugarren saria: 120 euro eta garaikurra.
Herriko lehen sailkatua: 90 euro eta garaikurra.
Argazki onenari saria: 60 euro eta garaikurra.

16 urtetik beherakoentzat
Lehenengo saria: 30 euro eta garaikurra.
Bigarren saria: 20 euro eta garaikurra.
Hirugarren saria: 15 euro eta garaikurra.

  • Igandean (azaroak 6) ateratako irudiak hilaren 24a baino lehen utzi beharko dira Argazki Elkartearen egoitzan.