ETBk Kontxu Odriozola omenduko du azaroaren 12an

Urola Kostako Hitza 2005ko aza. 2a, 11:11

Olentzero Begigorri 2005 saioa aktore azpeitiarraren omenez egingo dute aurten

Euskal Telebistak lehen katerako urtero egiten duen Olentzero Begigorri saioaren 2005eko edizioan, Kontxu Odriozolaren omenezko jaialdia ospatuko dute. Beraz, azaroaren 12an –saioa grabatuko den egunean– antzerki zaleek Kontxu Odriozola azpeitiarra omenduko dute Donostiako Kursaaleko kubo handian. Jaialdiko parte hartzaileak honakoak izango dira: Miarritzeko Balet Gaztea, Irungo Musika Fundazioko Orkestra, Gari Mendizabal eta Aitor Arozena txistulariak, Kresala dantza taldea, Pedro Otaegi, Vocalia abesbatza, eta Idoia Laburu eta Joxan Goikoetxea soinujoleak. Omenaldirako gonbidapenak doanekoak dira, eta telefono honetara deituta eskatu daitezke: 943 011642.

Kontxu Odriozola Azpeitian jaio zen 1945ean. Irakasle ogibidea alde batera utzi eta 1982an Antzerti Eskolan hasi zen ordura arte bere zaletasuna izandakoa serioago lantzeko asmoarekin. Geroztik antzerki, telebista eta zinema munduan lan asko egina da. Zinean ere aritu da, Albaniaren konkista, Gerra Karlisten kronika, Hamaseigarrenean aidanez, eta beste lan batzuetan. Antzerkian, aldiz, Troiarrak, Arlequino, Pipin, Herio dantza, Seis personajes en busca de autor, Ama begira zazu eta Lepoa ezetz jarri lanak egin ditu. Telebistan, Bai Horixe, Flamingo berria, Herriko Plaza lehiaketa eta Goenkale telesailean hartu du parte edo ari da parte hartzen azpeitiarra.

Azpeitiko Udalak bere aldetik, Kontxu Odriozolari egingo dioten omenaldi-ekitaldira joateko autobusa antolatu du. Autobusa doan izango da, eta bertan joan nahi dutenek izena Azpeitiko Udaleko Kultura Sailera (943 15 70 68) deitu beharko dute. Izena azaroaren 11 baino lehen eman behar da.