Karroza lehiaketa abian jarri dute

Urola Kostako Hitza 2005ko aza. 2a, 10:11

Hilaren 30erako proiektuak udaletxean aurkeztu behar dira (Urola Kostako Hitza)

Azken urteetan ohi bezala, Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeak sansebastianetako haurren danborradako karrozaren proiektu lehiaketa jarri du abian.

Lehiaketa deialdiarekin batera, 2006ko San Sebastian Egunean kalera aterako den karrozaren gaia ere proposatu du Festa Batzordeak: oraingoan lau urtemuga uztartzea proposatu du lehiaketaren oinarrietan: "Txokolo Zaharra txistularia jaio zela 125 urte; Jose Artetxe eta IƱaki Goenaga Sistiya idazleak jaio zirela 100 urte eta Xoxoten San Inazioaren irudia jarri zela 50 urte".

Karroza lehiaketara aurreproiektuak aurkezteko epea hilaren 30ean bukatuko da. Lanak Azpeitiko udaletxean utzi beharko dira.

Irabazleak 1.202 euroko saria jasoko du. Baina lehiaketa hutsik ere geldi daitekeela diote Udaleko arduradunek: "Epaimahaiaren iritziz lehiaketara aurkeztutako proiektuek ez badute behar adinako kalitaterik eta baliorik lehiaketa hutsik geldituko da".

Karroza lehiaketako oinarriak

Datorren urteko San Sebastian Egunean haurren danborradan aterako den karroza aukeratzeko lehiketa zabaldu du Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeak. Honakoak dira karroza lehiketa arautzen duten oinarriak:

Parte hartzea. Nahi duen edonork aurkeztu dezake karroza lehiaketara aurreproiektua.

Teknika. Lanak edozein teknika edo material erabiliz egin daitezke.

Proiektuak. Sortu berriak izan behar dute. - Lanak sinatu gabe aurkeztu behar dira, eta beste kartazal batean egilearen datuak (izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta kurriluluma) zehaztu beharko dira. -Proiektuak Azpeitiko udaletxera eraman behar dira: Azpeitiko Udala, Festa Batzordea, Enparantza Nagusia 5, 20730 Azpeitia. Udaletxeko telefono zenbakia 943 157068 da.

Neurriak. Karrozak 2,80 metroko zabalera eta 3,85 metroko luzera ditu.

Epaimahaia. Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeak izendatuko du lehiketako epaimahaia. Bost lagunek osatuko dute, eta tartean udaletxeko eta dekoradore eskolako ordezkariak izango dira.

Aurrekontua. Aurreproiektuarekin batera, planoak, bozetoak, aurrekontu zehatza eta bi orrialdetan azaldutako memoria aurkeztu behar dira. Aurrekontuk ezin du 7.800 euro baino gehiagokoa izan.

Oinarriak. Festa Batzordeak karroza lehiaketarako egindako oinarriak betetzea ezinbestekoa da.