Eskubideen aldarria

Urola Kostako Hitza 2005ko urr. 26a, 12:10

Festa giroko ekitaldi batekin eman zioten ongietorria Kaiera ibiltariari, Azkoitian (Urola Kostako Hitza)

18/98+ taldeak "eskubide politiko eta zibilen defentsa sozializatzeko" helburuarekin abiatutako Kaiera ibiltaria ekimena eskualdean izan zen atzo(urriak 25). Ikasberri Azpeitiko Ikastolan egin zuen lehen geldialdia, goizeko jolasorduan. Eskuz egindako Kaieran ekarpenak idazteko eta itsatsita lagatzeko aukera izan zuen hainbat herritarrek.

Arratsaldean ekitaldi berezia egin zuten Azkoitiko herriko plazan. Eskualdeko 9 auzipetuei babesa emateko, besteak beste, trikitilariak eta txalapartariak aritu ziren, eta poesia irakurraldia egin zuten. Festa eta aldarrikapen giroa izan zen plazan, eta txorizoa eta sagardoa dastatzeko aukera ere izan zen. Bitartean, hainbat herritar eta gizarte eragile Kaiera edukiz betetzen joan ziren.

Kaiera ibiltaria ekimena azaroaren 12an amaituko da, Durangoko Azokan egingo duten ekitaldiarekin.

Ekitaldiaren irudi batzuk ikusteko egin klik hemen.

Miren Odriozola: "Eskubide guztiak osagarriak dira eta erabili egin behar dira"

Eskualdeko 9 lagun auzipetuta daude 18-98 makrosumarioan. Udalbiltza auzian auzipetuta dagoen Miren Odriozola azpeitiarrak Kaieraren berri eman digu, ekimena Azpeititik eta Azkoititik igaro den egunean.

Zein da Kaieraren edukia?

Kaierak bi zutabe dauzka: herriaren eta herritar guztien eskubide zibilak eta politikoak aldarrikatzea eta haien alde lan egitea; eta beste zutabea, estatuek terrorismoaren kontrako borrokan babestuta askatasun demokratikoei egiten ari diren urraketak salatzea. 18-98ko sumarioek enpresa, elkarte, fundazio eta bestelakoak, legalki gizartean lan politikoa eta publikoa egiten ari direnak, ETArekin alderatu nahi izan dituzte; estatuen estrategia politikoa da. Euskal Herriaren eraikuntzan lanean ari direnen kontra asmatutako tesia da 18-98, eta hori salatu nahi du Kaierak.

Zein helbururekin egin da?

Herria sentsibilizatu nahi dugu, eskubide urraketen gainean. Eskubide orokorrak eta banakakoak osagarriak dira, eta erabili egin behar dira. Jendeak libreki nahi duen ekarpena egitea du helburu ekimen honek, herritarren parte-hartzea bilatzen du. Kaiera herriz herri doa, eta denon artean osatu dezakegu. Oso garrantzitsua da herritarrak honetaz guztiaz konturatzea eta bakoitzak bere ekarpena egitea.