Asier Urbieta: "Jokatzeko motibatuta nago eta erasoan aritzea gustatzen zait"

Urola Kostako Hitza 2005ko urr. 26a, 12:10
Asier Urbieta Lan Mobel Iraurgi Saskibaloi Taldeko jokalaria.

Lan Mobel Iraurgiko Asier Urbietak asteburuan jokatu zuen denboraldiko lehen partida; 25 puntu lortu zituen (Urola Kostako Hitza)

Asier Urbieta Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldean ari da jokatzen, EBA Ligan. Donostiarra da, baina Esteban Urbieta azpeitiarra du aita, Azpeitiko saskibaloiaren hastapenetan ibilitakoa, eta Iraurgi saskibaloi taldea sortu aurretik Lagun Onak saskibaloi taldean jokatutakoa.

Asier Urbietak igandean jokatu zuen denboraldiko lehen partida, orain arte ebakuntza bategatik geldirik egon behar izan duelako. Igandean Leonen aurka jokatu zuen Lan Mobel Iraurgik,84-97 irabaziz. Azken partidan taldeari puntu gehien eman zizkiona Asier Urbieta bera izan zen: 25 egin zituen.

Lan Mobel Iraurgi taldean aurten hasi zara. Zer moduz?

Oso ondo, primeran. Jendea oso jatorra da, jokalariok primeran tratatzen gaituzte eta batere arazorik ez dago.

Taldekide batzuk, gainera, aurretik ezagutzen zenituen Atleticon zurekin batera aritutakoak direlako.

Bai, Joseba Ibargutxik, Asier De La Iglesiak eta nik elkarrekin jokatu genuen iaz. Josebarekin lau urte daramatzat, eta nahiko ongi ezagutzen gara, gure artean giro ona dago. Lolo Encinas entrenatzailea ere aurretik ezagutzen nuen, hura ere urte askotan izan dudalako entrenatzailea, baita haurra nintzela ere.

Zer-nolako zaletasuna aurkitu duzu Azpeitian?

Ikusgarria da nolako zaletasuna dagoen hemen. Ikusgarria da. Jende pila bat etortzen da gure partidak ikustera, horrek guri asko animatzen gaitu, eta guretzako izugarrizko motibazioa da. Atleticon, iaz, askoz jende gutxiago etortzen zen gure partidak ikustera, eta denak isilik egoten ziren. Hemen, etxeko partidetan txaranga eta dena dugu, jendeak ere asko animatzen gaitu. Izugarria da egoten den giroa.

Denboraldiko aurreneko partida jokatu zenuen asteburuan Leonen aurka. Fisikoki gogorra izan al zen?

Bai, ahoan ebakuntza bat egin zidaten, eta oraindik ere ez naiz guztiz osatu, baina joka dezaket. Forma pixka bat falta zait oraindik, baina erritmoari eusten diot. Bi aste dela hasi naiz taldearekin entrenatzen, baina aurretik nire kontura gimnasio lanak egin ditut.

Gutxi entrenatu, denboraldiko lehen partida jokatu eta 25 puntu sartu zenituen.

Motibazioa da dena. Erasoan aritzea gustatzen zait. Ez nuen izugarrizko partida egin, baina...

EBA Ligan, sailkapenean bosgarren postuan zaudete.

Oraindik goiz da, baina guk nahi duguna gutxienez gure azpitik bost talde egotea da, pixkanaka gora egin eta behean beste talde batzuk uzten joatea. Baina oraindik asko gelditzen da, eta oso gogorra dago kontua. Gutxienez, etxeko partida guztiak eta kanpoko batzuk irabazten baditugu ondo. Leonen aurka ezinbestean irabazi behar genuen, eta halaxe egin genuen.

Hegaleko postua da zurea, baina orain jokalari batzuen lesioengatik beste postu batzuetan jokatzen ari zara.

Pibot aldean jokatzen ari naiz, barruan ez daukagu jokorik. Altuenetakoa naizelako barruan jokatu beharko dut. Baina nik gustukoen dudan postua hegalekoa da, hirukoak botatzea.

Ondoen hirukoetan moldatzen al zara?

Berez bai, baina oraindik ez nago behar bezala, eta ez ditut hainbeste jaurtitzen.

Aitak animatu omen zintuen Iraurgira etortzeko.

Bai, familia ere Azpeitian daukagulako. Etxean jokatzen dugunetan aita partidak ikustera etortzen da. Pozik dago alde horretatik. Aitak Lagun Onak saskibaloi taldean jokatzen zueneko kontu gutxi dakizkit, baina kontatu didate saskiak-eta beraiek egin behar izaten zituztela.

Asier Urbietaren fitxa

Ibilbidea. Hirugarren Maila: Atletiko San Sebastian (2001-2002) EBA Liga: Atletiko (2003-2004 eta 2004-2005) Iraurgi (2005-2006)

Postua. Hegalekoa.

Adina. 21 urte.

Altura. 1,96 metro.