Joseba Segurola berriz ere kartzelaz aldatu dute

Uztarria 2005ko urr. 25a, 18:10

Bois d'Arcy (Paris) espetxera aldatu dute; Euskal Herritik 890 kilometrora

Isolamendua kendu diote, eta asteburuan familiaren bisita izango du

Joseba Segurola Xegu azpeitiar preso politikoa berriz ere espetxez aldatu dute. Irailaren 13an Villafrancheko espetxetik Lille-Sequedinera aldatu zuten (bi kartzelak Frantzian daude; Belgikarekin mugan) eta orain, berriz, Bois d'Arcy espetxera aldatu dute. Azken kartzela hori Parisen dago, Euskal Herritik 890 kilometrora.

Segurola bai Villefrancheko kartzelan eta baita Lille-Sequedinen ere isolatuta eduki dute. Izan ere, preso azpeitiarrak isolamenduari uko egin zion, eta hori dela eta, zigor moduan erabateko isolamendua jarri zioten. Uztarriak jakin ahal izan duenez, larunbatean, urriaren 29an, senitartekoen bisita izango du.

Segurola martxoaren 23an atxilotu zuten Lannemezanen (Frantzia), ustez ETAko kidea delakoan, eta egun gutxira Parisen, La Santen espetxeratu zuten. Han astebete pasatu ondoren, martxoaren 31n espetxez aldatu eta Lyon inguruan dagoen Villafrancheko kartzelara eraman zuten (Azpeititik, kotxez, bederatzi ordura, eta trenean hamabira. 1.100 kilometro ingurura dago).

Xeguz gain, beste bost azpeitiar preso politiko daude: Juan Karlos Arruti Paterra, Xabier Etxeberria Txapi, Jabi Agirre, Gotzon Aranburu eta Maider Egiguren.