Juanan Larrañaga: "Nik eta beste batzuek ezetz esan genien kanpoko eskaintzei"

Ramon Olasagasti (Berria) 2005ko urr. 18a, 16:10

Futbolari ohiari elkarrizketa egin dio 'Berria'-k Tartea gehigarrian

Juanan Larrañagaren bizitza baloiaren inguruan ibili da beti jira-biran. 458 partida jokatu zituen Realaren lehen taldearekin —Gorrizen ondoren gehien— eta egun EITBko komentarista da. Futbola asko aldatu dela dio, "negozio" bihurtu dela.

Larunbatero bi partida komentatzen ditu ETBrentzat eta igandean Euskadi Irratian aritzen da. Horrez gain, gazte mailako futbola ikuskatzen ibiltzen da Federazioarentzat. Berio utzi zuenetik, ez da entrenatzaile lanetara itzuli, gustura dabil komunikabideetan. Beti-beti futbolari lotuta.

Reala desagertzeko zorian dagoela dio Fuentesen zuzendaritzak. Hain larria ote egoera?

Hori esan egin behar izaten da, jendearen babesa biltzeko, baina bai, egoera txarra da. Bideratu egin behar nola edo hala.

Zer gertatu da halako zorrak egiteko? Asmatuko al du Fuentesek egoera bere onera ekartzen?

Diru kontuetan ez naiz aditua, baina irteerak sarrerak baino handiagoak direnean, beti izango dira zorrak. Hori gertatu da Realean ere. Fuentesen taldeak asmatuko duen bideratzen nahitaez asmatu beharra dauka. Lanean ari dira, eta poliki-poliki espero dut egoera konpontzea. Aurten ere kopuru jakin bateko zorra dago aurreikusita, baina hori baino gutxiago izango dela iruditzen zait.

Zor horiek kitatu behar izateak baldintzatuko du kirol arloa?

Bai. Mugimendurik egiteko dirurik ez baduzu, zaila da inor fitxatzea. Etxekoekin lan egin behar da, harrobiko lana ondo egin. Fitxaketei dagokienez, orain ez, orain ez dago abenturetan ibiltzerik: ekarriko ditugu bi eta ea zer gertatzen den. Ez, ez. Ekonomia horrela dagoela fitxaketekin ezin da hutsik egin.

**Reala desagertuko balitz, bizitzaren puska handi bat kenduko liokete Larrañagari ere. Irudikatzen al duzu zure bizitza Reala gabe?**

Hala da. 14 urte egin nituen lehen taldean, beste hiru Sansen. 17 urte guztira. Bizitzak, futbolari moduan zerbait erakutsi badit, Realaren inguruan izan da dena. Eta egia esan, Reala gabe ez dut imajinatzen nire bizitza. Realetik kanpo bizi naiz, ez daukat egun lotura zuzenik Realarekin, baina ez dut nire bizitza Reala gabe irudikatzen.

Hamaika urte utzi zenuela Reala. Sufritu egiten al da zelaian ezin egonda?

Bai, sufritu egiten dut. Hala ere, utzi berritan gehiago, orain baino. Baina askotan, emaitzagatik baino gehiago, ezinean ikusten dudanean taldea edo behar dudan portaera ikusten ez dudanean. Zelaian ez egoteagatik jada ez dut sufritzen.

Realaren historiako unerik gozoenak bizi zenituen (bi Ligak). Zure bizitzako unerik gozoenak ere izan al ziren haiek?

Kirol mailan bai, horiek izan dira unerik politenak. Hasierak ere politak dira, herrian hasten zarenean eta Realera pasatzen zarenean. Baina halako garaipenak mugarriak dira norbere bizitzan.

Toshackek jaitsi zintuen zelai erditik libero postura. Asko zor diozu?

Ez dut uste inori ezer zor diodanik. Egia da: berarekin erabateko aldaketa etorri zen taldean, eta nik ere nire lekua aldatu nuen zelaian, baina ez dut uste zorretan nagoenik. Inorekin banago zorretan, Alberto Ormaetxearekin nago, memento zailetan asko lagundu zidalako. Urte batzuetan, Atotxan txistuak entzun behar eta ez zen giro. Une horietan entrenatzaileak konfiantza handia eman zidan.

Hasierako haiek izan ziren unerik zailenak?

Bai, Periko Alonsok Bartzelonara alde egin zuen, jokalari garrantzitsua zen oso, eta ni hasi nintzen hamaikakoan sarriago sartzen. Aldaketa hartan une zailak izan ziren. Beharbada, emaitzak ez ziren hain onak eta jendeak ere norbaitekin sartu behar zuenez, bizpahiru jokalarik asko sufritu genuen une haietan. Nik 22 urte besterik ez nuen artean, baina hasiera haietan azkar zaildu nintzen. Derrigor.

Libero moduan edo zelai erdian, non sentitu izan zara erosoago?

Erosoago atzean, gusturago erdian. Zelai erdiko lana gustokoa izan dut beti. Txikitatik erdian jokatu izan dut, bai Lagun Onak-en, Sansen eta bai Realeko lehen urteetan. Erosoago, hala ere, libero moduan: joko guztia zure aurretik egiten da, nahiz eta ardura ere handiagoa den; atezainarekin batera zu zara azken jokalaria eta hor hutsak oso gogorrak izaten dira.

Atzerritarren etorreraren lekuko izan zinen. Nola bizi izan zenuten une hura?

Guk une hartan esan genuen kontrako ginela. Gu harrobitik atera ginen, eta uste dugu indarra hor dagoela eta hor egin behar dela. Baina nahi izatea bat da, eta beharra egotea bestea. Harrobiak ez badu ematen taldeak behar duena, eta beti larri eta behera begira egon behar bada, akaso hobea da kanpotik ekartzea. Horixe gertatu zen memento hartan. Hala etorri zen Aldrige. Egia esan, atzerritarren etorrera ez zen traumatikoa izan: Aldrige oso tipo jatorra zen eta ez zen batere arazorik izan. Benetan asmatu zuten nor ekarri, bai zelaian egin zuen lanagatik, bai pertsona moduan.

Harrobi hutsarekin posible al da 1980ko hamarkadan Realak lortutako txapelak berritzea?

Bai, zergatik ez, harrobia beti izaten da, landu egin behar da bitxiak ateratzeko. Harrobiarekin beti daukat esperantza. Gu hortik atera gara, gurekin ere ez dut uste asko espero zutenik, baina lan ona eginez gero, eta jokalariak ere bere aldetik duen guztia ipiniz gero, izango da etorkizunik. Arazoa ez da harrobirik ez egotea, baizik eta jokalari onak ateratzen direnean, ekonomikoki indarrik badagoen horiei eusteko.

Xabi Alonso edo halako bat ateratzen da, eta badugu indarrik etxean eusteko bospasei urte, talde hori ondo egin arte eta titulu bat lortzeko borrokatu arte?

Ikusitakoak ikusita, ezezkoa da erantzuna. Ez da erraza. Askotan saldu egin behar dira jokalari horiek dirua izateko. Beti esaten da kanpokoari ematen zaiona etxekoari eman behar zaiola. Hor dago eztabaida.

Koloreak gora eta behera. Beste film hartan bezala, egungo futbolean sentimenduak eragiten dituen kolore bakarra diruarena ez al da?

Nik uste dut hori pertsonarekin doala. Zu saia zaitezke harrobiko gazteekin talde sentimendua barneratzen, konpromisoa zer den azaltzen, adibideak ipiniko dizkiozu duela urte batzuetakoak, baina gero, berak hartuko du bere bidea eta erabakia.

Zu fitxatzeko kukuren batek jo omen zuen kantua. Eta zuk ezetz.

Ba… bai. Egia da; hori ez dago ukatzerik, eta nik bezala hainbat jokalarik une batean. Hemen baino diru gehiago eskaintzen ziguten, baina guk beste gauza batzuk baloratu genituen.

Gaur egungo gazteek ez dute hala jokatzen.

Ez, gutxik. Inguruan behintzat ez dugu halakorik ikusi.

Zein izan zen kuku hura?

Beno, Bartzelonaren gaia hor izan zen une batean. Jada jokalari moduan heldua nintzela, Periko Alonsoren moduan, joatekotan egon nintzen, baina klubetik esan zidaten jende gaztea zetorrela behar zela erreferentziaren bat, eta azkenean geratzea erabaki nuen. Inguruak ere baldintzatzen du inora joateko: lagunak, familiak…

Damutu zaizu erabakia?

Ez, inoiz ez. Bizitzan hartzen diren erabakiei ez zaie buelta gehiagorik eman behar.

Baloiaren inguruko guztia ez al dago puztuta: soldatak, komunikabideen jarraipena, negozioa...

Oraintxe esan duzu: kirola baino gehiago negozioa bihurtu dela dirudi. Honezkero, zaila izango da aldatzea. Aurreko batean irakurri nuen Figok esandakoa, une honetan ez zaiola interesatzen partidak irabazi edo galtzea, soilik negozioa interesatzen zaiola, Real Madril handi egitea munduan. Beharbada, talde handiekin areagotu egiten da hori, baina oro har guztiekin gertatzen da.

Puztearen puztez, halako batean gerta liteke futbolaren inguruko negozio hori lehertzea?

Leku batzuetan lehertu da. Telebistak sartu zirenean, talde bakoitzari partidak emateko ordaintzen, hainbat taldek aurrikuspen baikorregiak egin zituen, hasi ziren dirua gastatzen, jokalari pila bat fitxatzen eta lau urtetako dirua bakar batean xahutu zuten. Baina emaitzak ez ziren etorri eta zuloan sartu ziren. Hor dago Oviedo, Bigarren B mailara igo berri, baina komerietan. Edo Logroñes bera.

Futbolarien hizkera mugatua da oro har. Beti Misterraren mende, eta igandetik igandera joan behar.

Hala da eta. Futbola hor ez da batere aldatu. Igandetik igandera edo partidaz partida joan behar dela esaten denean, hala da. Egia da ausardia pixka bat falta dela partida amaitzean ondo jokatutakoan ondo jokatu dela esateko, eta gaizki jokatutakoan gaizki. Autokritika falta da, jokalari, entrenatzaile edo taldeena. Azkenean dena topikoak dira. Baina galderak ere bai.

Entrenatzaile titulu guztiak dituzu, bihar-etzi Reala entrenatzeko aukera emanez gero...

Zer esango dut. Gustukoa izango nuke. Realari ez nioke ezetz esango. Baina oso modu hipotetikoan ari gara hizketan.

Azpeitia aldean beti egon da zurrumurrua Athleticzalea zinela txikitan.

Beti izan da kontu hori. Futbolaren inguruan mugitzen hasi ginen garai hartan, Athletic zegoen goian, UEFAko finala jokatu zuen Juventusen kontra. Baina hori anekdota bat besterik ez da. Hori dio jendeak, koadrilako lagunek ere adarra jo izan didate: "Nolatan hago hagoen lekuan?". Baina ni Realzalea izan naiz beti eta izango naiz. Gainera, gaztetan, gauza asko egiten dira egin behar ez direnak (kar-kar-kar).

Egun ere igartzen omen zaizu telebistako komentarioetan. Athleticekin ez zarela Realarekin bezain zorrotza, alegia.

Ez, nik uste hori ez dela egia. Athletic izan edo Reala izan, ez dut era batera edo bestera jokatzen. Mementoan ikusten dudana juzgatzen dut. Badakit Gipuzkoa aldean gauza bat esaten dutela, baina Bilbora joaten naizenean, sekulakoak entzun behar izaten ditut beste aldetik. Askotan ez da seinale txarra: biak haserre badaude, ondo ari naizen itxura. Talde bat gaizki jokatzen ari bada, nik ez dut esango ondo ari denik; ahalegintzen naiz inpartziala izaten. Reala galtzen ari denean, sufrituko dut gehiago nire barnean, baina nire komentarioetan ez da nabarituko hori. Euskal talde guztiekin portaera bera izaten saiatzen naiz.

Realaren partidetan, Anoetan, ez omen zara kabinetan kabitzen, urduritasunez jokalarien keinuak egiten dituzula zuk ere.

Hasieran beharbada gehiago; goian zaudela, ezin duzu ezer egin, eta tarteka ostikadaren bat jotzen duzu. Baina orain jada ez. Orain ez dut hainbeste sufritzen emaitzagatik, baizik eta talde antolaketa txarra delako edo jokalari batek jokaldi erraz bat huts egin duelako.

Semea zer eta piraguista, eta alaba hockey jokalaria. Futbolaririk ez dator segidan?

Eta inportarik ere ez. Ez naiz halako aita izan: semea edo alaba izan eta txikitatik futbola erakutsi diona, hemendik futbolari bat atera behar dut tematu dena. Gustatzen zaizkion gauzak egiten utzi diegu, eta ahal den guztian lagundu. Semeari piragua gustatzen zaio, ur bizietan ibiltzea eta ni gustura eta harro nago. Lehorreko familia batetik uretako kiroletan aritzea… Eta alaba, berriz, belar hockeyan dabil, Realean, oso gustura bera ere. Ez nuen kirol hori ezagutzen, eta noiz edo noiz joaten gara ikustera, eta oso ondo pasatzen dugu.

Kirolzale eta jale amorratua zara. Aldiz, Reala utzi bazenuen utzi, kirola gutxi egiten omen duzu.

Gutxi, bai; nahi baino gutxiago. Noiz edo noiz beteranoekin partidaren bat jokatzen dut, hondartzan korrika pixka bat egin, aukera badaukat paletan partidaren bat jokatu… Baina gutxi, bai.