Leire Agirre: "Orain kantitateari baino gehiago, kalitateari begiratu nahi diot"

Uztarrria 2005ko urr. 6a, 16:10
Leire Agirre, Fiera di Primieron, Italian, jokatu zen txapelketan eskalatzen.

Munduko Bulder Kopan seigarren postuan geratu da eskalatzaile azpeitiarra

Hilabete honetan, eguraldiak laguntzen badu, 8C zailtasuneko bide batekin saiatuko da

Leire Agirre eskalatzaile azpeitiarrak, bukatu berri den Munduko Bulder Kopan seigarren postuan bukatu du. Kopa, Birminganen (Ingalaterra), Moskun (Errusia), Fiera di Primieron (Italia) eta Friminyn (Frantzia) jokatu diren txapelketetan erabaki da. Agirrek denboraldi erdian lesioa izan bazuen ere, aurrera egin du txapelketan. Orain, denboraldia ofizialki bukatuta, aurtengo denboraldiaz eta datorrenaz hitz egin du Uztarriarekin.

Seigarren postuan bukatu duzu Munduko Txapelketan. Gustura?

Sailkapen orokorrean seigarren geratu naiz bai. 35 lagun inguru izaten dira txapelketan parte hartzen eta 12 pasatzen dira finalera; ni, lauretan finalean egon naiz.

Zer moduzko maila ikusi duzu?

Indartsuenak, errusiarrak eta frantziarrak izan dira. Maila handia erakutsi dute. Nesketan frantses batek irabazi du.

Pasatu den asteburuan (irailak 30etik urriak 1era) Friminyn, Frantzian, jokatu den Munduko Txapelketako azken lehiaketan izan zara. Zer moduz?

Oso interesgarria izan da. Antolakuntza aldetik oso ondo zegoen. Frantzian maila handia dago eskaladako txapelketak antolatzen; hemen, baino tradizio handiago dago. Frantzian oso ezagunak dira kirol eskalada eta txapelketak.

Munduko Txapelketan Bulder modalitatean lehiatu zara. Zein dira modalitate horren arau eta ezaugarriak?

Bulderrean sei lan edo bloke ezberdin egin behar izaten dira eta soka gabe parte hartzen da. Indarra, explosibitatea da dena. Lan batzuetan ezin izaten dugu lurretik mugitu, hain gogorrak dira mugimenduak… Mugimendu gutxi egin behar izaten dira, baina intentsitate handikoak. Behean koltxonetak egoten dira. Inguruan epaimahaia izaten dugu. Bi helduleku ematen dizkizute hasteko, eta helduleku bat bukatzeko. Orduan eskalatzaileak bere erara antolatu behar du bloke hori. Enkadenamendua bistaz egiten bada, lehenengo saiakeran, horrek balio du puntuazio gehiena. Eta gero tartean puntuak lortzeko, zona edo presa bat egoten da; harek beste puntu bat balio du. Bi helduleku hasteko, zonako presa bat eta presa hartatik azkenengoa dago, top esaten dena. Top hori egin egin behar da; bi eskuekin heldu behar da. Eta hori egitea, bloke bat lotzea izango litzateke. Lan bakoitza egiteko sei minutu izaten ditugu, eta orduan, sei bloke izaten direnez, 36 minutu ematen ditugu konpetitzen. Bloketik blokera ordea, sei minutuko atsedenaldia izaten dugu.

Finalean zer moduz?

Finalera nahiko eroso lehiatzera iritsi nintzen. Lau bulder lehenengo saiakeran egin nituen, eta bi zona lehenengo saiakeran, baino bi bulder ez nituen bukatu. Bederatzigarren postuan bukatu nuen, gero orokorrean seigarren.

Denboraldi erdian lesio bat izan duzu, ezta ala?

Eskalada lokalean entrenatzen ari nintzela, erori eta belauneko ligamenduetan zaintiratu bat egin nuen. Hori errekuperatzea ere kostatu egin zitzaidan, eta ondorioz, txapelketetan ehuneko ehunean iristea ere bai.

Datorren urtera begira, zein helburu dituzu?

Urtea hobeto planifikatu nahi dut. Orain kantitateari baino kalitateari begiratu nahi diot. Aurten baino txapelketa gutxiagotan parte hartu eta hartutakoak hobeto prestatu nahi ditut. Honela, Europako Txapelketa izango da datorren urtean prestatuko dudan txapelketetako bat.

Denboraldia ofizialki bukatu da. Orain zer asmo dituzu?

Orain, harkaitzean landuta ditudan bide batzuk probatzeko eta lotzeko asmo dut. Nire planen artean, Baltzolita (Dima) 8 C zailtasuneko bidea, nik enkadenatuko dudan biarik zailena, dago. Baltzolitan aurretik egin ditudan saiakera ezberdinetan hamar aldiz toki berdinean erori naiz, eta... Udan eguraldi aldetik ez dira baldintza egokiak izan eta orain saiatu nahi dut. Araotzen (Oñati) dagoen 8b/+ zailtasuneko Aimar bidea ere egin nahiko nuke.

Dimako Rockmasterrean ere parte hartu duzu. Zer moduz?

Hau ere interesgarria izan da. Oso polita. Jendeari gertutik kirol eskalada ezagutzeko aukera eman zaio. Nik Baltzolako koban binakako txapelketan parte hartu nuen Patxi Usobiagarekin batera. Binaka zortzi herrialdek parte hartu genuen eta ahalik eta bide gehienak lortzea zen helburua. Zailtasunaren arabera bide bakoitzak puntuazio bat zuen eta orduan, ahalik eta bide gehien egin behar ziren. Puntu baten aldearekin, Patxi Usobiagak eta nik irabazi genuen.