Andoni Aranagak Euskaltelekin fitxatu du

Uztarria 2005ko urr. 6a, 12:10

Bi urterako sinatu du, Kaiku utzi ondoren

"Klasikoak korritzeko gogoa du; batez ere, Paris-Roubaix", esan du

Andoni Aranaga txirrindulariak azkenean fitxatu Euskaltel-Euskadi taldearekin. Duela hilabetetik akordioa egina zuen, eta atzo (asteazkena) gauzatu zen fitxaketa. Kaiku utzi eta bi urterako sinatu du.

Gustura dago mutila. "UCI-Pro Tourreko ekipo batera noa, eta, beraz, etxean egoteaz gain, hainbeste gustatzen zaizkidan klasikoak korritzeko aukera izango dut. Miguel Madariagak eta Julian Gorospek, gainera, horixe esan didate. Ia denak korrituko ditut". Batez ere, Paris-Roubaix korritzeko gogoa du. "Beti izan dut karrera horretan irteteko ilusioa eta askotan imajinatu izan dut zer egingo nukeen han".

Esker onak besterik ez ditu Kaiku taldearentzat. "Aukera horrek ez balu irten, bizikleta utziko nukeen. Haiei esker segitu dut txirrindulari izaten".

Aranaga Urrestillakoa da, 26 urte ditu eta joan den denboraldian bi garaipen lortu zituen: Valentziako Itzulian etapa bat eta Asturiaseko Itzulian beste bat. "Azkeneko denboraldia ez ahaztekoa izan da, giroa ere mundiala zen ekipoan, baina bakoitzak bere bidea egin behar du".

Beste azpeitiar bat izango du ondoan Euskaltel-Euskadin: Joseba Albizu.