Galindo eta Xabier Azkargorta

Uztarria 2005ko urr. 5a, 15:10

Azpeitiar entrenatzailea Chivas taldean egiten ari den lana ezbaian jartzen hasi dira batzuk

Aurreko teknikoa bueltatzea eskatzen ari dira

Abuztuaren 24tik dago Xabier Azkargorta futbol entrenatzailea Mexikon, Guadalajaran, Chivas taldea entrenatzen, eta komunikabide eta jarraitzaile batzuk haren lana ezbaian jartzen hasi dira dagoeneko.

Cruz Azulen etxean jokatu du Chivasek azkeneko partida, lehengo asteburuan, eta hutsean berdindu zuten. Itzuleran, Chivaseko hainbat jarraitzaile zain zeuzkaten, eta aurreko entrenatzailea bueltatzeko eskatzen aritu ziren: "Galindo, Galindo". Klubeko nagusiarekin, nonbait, arazoak izan zituelako bidali zuten kargutik Benjamin Galindo, eta haren partez Azkargorta jarri zuten.

Entrenatzaile azpeitiarrak labur erantzun zuen: "Espanyoleko tekniko gisa 29 urterekin egin nuen debuta. Zuek baduzue nire kurrikulumaren berri. Nire aitak Francisco izena du eta Azkargorta abizena, ni Xabier Azkargorta naiz, eta ez dut ezer gehiago esateko".

Chivasek, Azkargota denetik entrenatzaile, partida bat galdu du, bat irabazi eta bi berdindu. 2005eko Irekiera txapelketako III. multzoan laugarren dago (sei talde dira), 14 punturekin. Cruz Azul da lider, 23rekin.

"Gehiago gustatuko litzaidake hiru partida izatea irabazita, baina partida horietan jokalarien ahalegina oso ona izan da eta ez gara hasiko lehengo istorioak kontatzen", esan du Azkargortak.

Urriaren 3tik 15era atsedena hartuko du txapelketak, eta azpeitiarrak denbora hori aprobetxatu nahi du gauzak bere onera ekartzeko. "Atsedenaldi hau ondo etorriko zaigu errekuperatzeko eta hurrengo partidan pentsatzeko (Monterreyn dute)".

Chivas, Mexikoko Liga nagusiko taldea da, eta hiru urteko kontratua dauka sinatuta Azkargortak. Real Madrileko nazioarteko eskolen arduraduna izan zen azken bi urteetan. (Uztarria)