Iraurgik beste garaipen handi bat

Uztarria 2005ko urr. 1a, 22:10

Sarria talde indartsuari 76-68 irabazi dio

Ibargutxi basearen partida, garrantzitsua izan da (23 puntu)

Iraurgi Lan Mobelek kikildu gabe segitzen du EBA Ligan, hasiberria den arren. Izan ere, lehengo astean Basquet Coruñaren etxean ezustea eman eta irabazi egin bazuen, gaur (zapatua) Ligako talderik indartsuenetako bat hartu du mendean: Sarria. 76-68 irabazi dio. Sarriak denboraldiko lehen bi partidak irabazi egin zituen; Iraurgik bat irabazi, bestea galdu.

Ondo ekin diote neurketari kanpokoek (4-13), baina atsedenera aurretik iritsi dira etxekoak (36-33), Alex Astigarragaren azken segundoko hirukoari esker.

Laugarren laurdenean Sarria 60-64 zen aurretik, baina Iraurgik 8-0eko partziala lortu du, eta gero eutsi egin dio aldeari.

Ibargutxi basea izan da Iraurgiko jokalaririk onena (23 puntu) eta haren jokoa garrantzitsua izan da garaipenean. Sarrian Gomez da izarra, lehen bi neurketatan batez beste 30 puntutik gora zituen sartuak, baina gaur urruti geratu da kopuru horietatik (13 puntu sartu zituen; hirukoetan, 10etik 1).

Berriz ere jende asko Azpeitiko kiroldegian: 400 bat lagun. Eta giroa ere ona, txaranga eta guzti.

Hurrengo neurketa zapatuan jokatuko du Iraurgik, berriro Galizian, Villagarcia de Arosan.

Iraurgi: Ibargutxi (23 puntu), Etxeberria (12), Osa (14), Jon Arozena (12), Hernando (2), Goar, (10) Lizarriturri, De Miguel, Astigarraga (3).