Otaegiren ama mintzo

Argia (1976-09-26, 705. zenbakia) | Politika
2005ko ira. 28a, 12:09

Argia astekariak 1976an fusilamenduaren lehen urtemugan Otaegiren amari egindako elkarrizketa azalera ekarri dugu

Uztarriak Otaegiri buruzko biografia atera zuen 2001ean

Nuarbe, 80 bizilaguneko herrixka, ezaguna egin da munduan. Egunik hutsegin gabe bada norbait Nuarbeko hilerrian. Santutegia bailitzan ditu bisitariak Otaegiren hilobiak. “Elurra ari baldin badu ere norbait beti etortzen da” esan digu Mariak, Otaegiren amak. Berebilentzat ere bidea egina dago. 12 urte inguruko mutiko batzuk ari ziren hilobi ondoa apaintzen, iganderako. Azkoitiarrak ziren. “Geuron artean dirua bildu eta meza bat atera behar diogu egun horretan” esan diote Mariari. Anjelen hilobiari ez zaio ez lorerik ez ikurriñik falta.

Anjel Otaegi Etxeberria 1942garrengo Urtarrilaren 13an jaio zen. “Nik ez nuen hildakoan ikusi. Ez ikusi hobe nuela, esan zidaten etxekoak. Ikusitakoek esan zidatenez burualde guztia txikitua omen zeukan. Ai, Anjelen begi eder haiek" intziri egin zuen Mariak semearen heriotza gogoratzerakoan.

"Juezaren ordezkoak ez zuen inori erakusterik nahi. Gazteak oso gogor jarri zirelako utzi zuen ikusten". Mariak ez du gehiegi hitzegin nahi. "Ez ahal zaigu ezer gertatuko gauza hauek esateagatik?". Ez, noski, erantzun diot.

“Orain dela berrogel urte ere berdin ginen. Anaia bati heriotz epaia eman zioten. Hura salbatu genuen. Handik berrogei urtetara ez dut neure semea salbatzerik izan".

“Oraintxe gertatuko balitz bezala gogoratzen zait. Irailaren 26an, gaueko 9etan, sarjentoa etorri zen: semea ikusi nahi baldin baduzu Burgosera joan beharko duzu. Gaueko 11,30an atera ginen Nuarbetik, hiru berebiletan 11 lagun. Hirurak hamar gutxiago heldu ginen. Nerekin joan zirenak handik kilometro eta erdira uxatu zituzten. Erretoeari ere ez zioten ikusten utzi. Ni arrastaka sartu ninduten, ez bait nintzen gauza zutik egoteko. Negarrez zotinka, azergatik hil behar dute nere semea, Posadas ez zuen honek hil; ez ahal da nere semearen bizia salbatuko duen gizonik, deihadar egiten nuen. Hiru izarreko gizon bat inguratu zitzaidan. 'Va a llevar el cadáver de su hijo?'. 'Desde luego que no lo dejaré en Burgos'. 'Pues tendrá que pagar la funeraria'".

“Emakume batek dena miatu ninduen: Belarriak, kolkoa, oinetakoak... Aldamenerako gelan zegoen semea. Dozenerdi bat zaintzaile zeuzkan ondoan. 'Para tí no ha habido clemencia'. 'Ya lo sé, ama, yo no he matado a nadie. Muero por el Pueblo Vasco. Sigue mi camino'. Ez genuen euskaraz hitzegiterik izan. Behin ere ez ziguten euskaraz hitzegiten uzten gartzelan ere".

“Hitz hauek bakarrik esan zizkidan belarri ondora, isilik: Neri entierro zibila egin, ama, hauek joaten diren elizan ez dut elizkizunik nahi. Nuarben erretore izandako Luis Mª Landa edo bestela Iñaki Larrañaga, oraingo erretorea, eskatu zituen aitortzeko. Baina ukatu egin zioten aitorlea".

“Agur, ama, Agur ama, agur ama, izan ziren bere azkeneko hitzak".

Semearen azken hitzak errepikatzerakoan Maria negarrez hasi da. Eta guri ere malkoak azaldu zaizkigu begietara. Isillk geratu gara une batean. Seme bakarra hll zloten ama alarguntsaren aurrean ez dugu hitzik izan. "Inoiz sinetsi ahal zenuen hilko zutenik?" galdetu diogu, nolabait berriro hizketan has dadin.

“24ean ikusi nuen azkeneko aldiz. Ez nuen asko uste honelakorik gerta zitekeenik. Baina 26an semea ikustera joan nahi ahal nuen sarjentoak abisua ekarri zidanean erabat etsi nuen. Ordurako hila izango zela pentsatu nuen, gainera. Ez nuen bizirik ikusterik espero".

“Orduerditxo bat egon nintzen semearekin. Ezin nuen gehiago. Hura sendo eta irmo zegoen, baina ni ez, zeharo joa nengoen. Nere ahizpa geratu zen Burgosen. Goizeko 8,50 hil omen zuten. 6 bala sartu omen zizkioten buruan eta bat besoan".

Nuarbeko jendearentzat gauza gogorra izango zen hura?, esan diogu gure elkarrizketa entzuten ari den erretoreari.

"Irratia eskuan zuela egon zen gau guztian jendea. Plaza bete jende gau osoan. Hil zutela jakin zenean gorputzaren zai jarri zen jendea. Arratsaldeko 4etan iritsi ziren lehenengo gordazibilak. 6rak aldean autobuska etorri zen. 9,50etan gorputza zainduz zetozenak heldu ziren. Ez zuten Burgostik zuzenean ekarri, Logroño eta Iruiñea aldetik barrena ekarri zuten. izebari funerarian etortzeko baimena juezak eman baldin bazion ere, azkenean hori ere galerazi egin zioten".

Horrenbeste tristuren artean pozik ere izango zenuen, Maria?

"Seme bat galdu dut, baina Euskal Herriko gazte guztiek amatzat naukate. Bat galdu eta asko irabazi. Poz ikaragarria da hori neretzat. Ama, esaten didate bisita etortzen diren gazte guztiek. Baina nik etxean hura falta. Poz artean kenduko ez zaidan pena dut. 50.000 pezta kendu zizkidan funerariak. Nuarben 30 mila bildu zituzten gastutarako. Handik astebetera 50 mila pezta eman zizkidan erretoreak ezezagun baten partetik. Nuarbeko herriari, gizon eskuzabal ezezagun eta hainbeste bihotz oneko jenderi eskerrak eman beharrean aurkitzen naiz".

Legetatik "heriotz zigorra" kentzea zure esku balego, kenduko ahal zenuke?

"Bai, horixe! Berehalaxe. Gaiztaginik haundiena ere ez daiteke hil. Horretarako eskubiderik ez dago. Nere semeak, berriz, ez zuen inor hil. Hori bidegabekeria bat da".

Hilaren 26an urtemugako elizkizuna, nola nahi zenuke?

"Jende asko etortzea nahiko nuke. Baina ez dadila ezer gerta. Bakean pasa dadila, behintzat".

Bidali:  

Erantzunak

agur eta ohore | 2005-09-28 : 17:09

gudarien maitasuna, herriaren indarra

jo ta ke!! | 2005-09-29 : 14:09

omenaldirik onena; garipena. jotake irabazi arte!

Gudari | 2005-09-30 : 15:09

Gora Euskal Herri aske baten alde borrokan aritu diren gudari erahil guztiak! ZUEN ODOLA EZ DA ALFERRIK GALDU! HERRIAK EZ DU BARKATUKO!

azpeitiar bat | 2005-10-02 : 18:10

Angel hil eta ilabetera jaiotako ume bati bere izena jarri zioten bere omenez. Harek ere dena eskeini dio Euskadiren askatasuna lortzeko borrokari. Aupa Gotzon.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu