Joxe Lizaso: "Lagunarteko bertsolaritza galtzen ari da"

Berria 2005ko ira. 24a, 19:09

Gaur (zapatua) gauean Joxe, Xebaxtian eta Beñat Lizasok elkarrekin abestuko dute Zerainen, bertso afarian

'Berria'-k elkarrizketa txiki bat egin dio

Bertso afari, bazkari eta saio asko izaten dira gure herrietan. Gaur (zapatua) Zeraingo San Blas ermitan egingo den emanaldiak, ordea, badu zerbait berezia; bertsolaritzako hiru belaunaldi bilduko dira gaurko afarian, guztiak familia berekoak gainera: Joxe, Xebaxtian eta Beñat Lizasok kantatuko dute gaur gauean. Eta, horri buruz zerbait gehiago jakiteko asmoz, Joxe Lizasorekin hitz egin du Berria-k.

Lizaso familiako hiru belaunaldi izango zarete gaurko emanaldian. Berezia da zuentzat edo lehenago ere egin dituzue horrelakoak?

Lehen ere eginak ditugu horrelakoak, Araotzen, Lekeition, Getarian... Berezia den edo ez, berriz, jendeak esan beharko du.

Bertso zaletasuna aitatik semera pasatu den zerbait da edo bakoitza bere kabuz zaletu da?

Nik uste dut bakoitzak berea egin duela. Bertsoa beti hor egon den zerbait da, baina zaletasuna... bakoitzak berea egin dugulakoan nago.

**Beñat bilobaren etorkizuna zer moduz ikusten duzu?**

Bertso munduan ondo moldatzen dela uste dut, ez dakidana da aitaren eta aitonaren bide berari jarraituko dion edo ez. Mundu xelebre honetan ez da inoiz jakiten horrelakorik.

**Zure garaitik Beñaten garaira gauzak aldatuko ziren, ezta?**

Bai, izugarri. Gu hasi ginen garaian, bertsoa ez zen hainbeste lantzen; larunbat edo igande ez bada ere, bada bertso saioren bat. Lagunartekoa, ordea, galtzen ari dela uste dut. Ohitura eta giro hori galtzen ari da; lehen, kafea hartzen ari ginela, etxera joatea ere ahaztu egiten zitzaigun. Orain, berriz, propio bertsoak abestera joan behar da.

Bertso saio mota guztietatik, zein duzu gustukoena?

Afari edo bazkariak. Plaza ere gustuko dut, baina lehenagokoa nahiago. Orain egunkari edo aldizkariren batean irakurritako gai xelebreak jartzen dituzte, eta, horretarako, ezagutu egin behar. Hori ez dut gustuko. Balkoiko saio edo afarietan bakoitzak geure gaiak bilatzen ditugu, eta horrela erosoago sentitzen naiz. Hala ere, ez dut horrekin esan nahi horrelako gaiekin ez dela bertsorik egin behar.

Antzerki eta dantza saioak bertsoak ere barneratzen ari dira orain. Zer iritzi duzu horri buruz?

Ez dut esango gaizki dagoenik. Beti dago zerbait berria egiteko gogoa, baina ez da sekula jakiten asmatuko duten edo ez. Intentzio txarrik gabe baina bertsolaritza ondo ezagutzen ez dutenek egiten dutelako iritzia dut. Oraindik berde samar dagoen zerbait dela uste dut.

Nola ikusten duzu bertsolaritzaren etorkizuna?

Bertso eskolak eta antzeko erakundeak lan handia egiten ari direla uste dut, baina bat-batekoa galtzen ari da. Ikasketa maila igo da eta gutxi gorabehera denek dute bertsoren bat egiteko ahalmena, baina batzuek pentsatzen dute lau liburu irakurri dituztelako bertsolariak direla, baina hori ez da horrela.