Miren Odriozola: "Udalbiltza berrantolatzeko garaia da"

Uztarria 2005ko ira. 18a, 17:09

Gaur sei urte sortu zuten udal hautetsiek nazio erakundea

Ezker abertzaleko kideak esan du "alderdikeriak gainditu" egin behar direla

Gaur sei urte sortu zuten Euskal Herri osoko hautetsiek Udalbiltza (haien artean Azpeitikoek), nazio osoko udalen erakundea. Duela urte batzuetatik, ordea, zatituta dago: batetik, EAJk eta EAk kudeatzen duten Udalbiltza dago eta, bestetik, ezker abertzaleak kudeatzen duena.

Azkeneko horrek atzo agerraldia egin zuen hedabideen aurrean, eta "Euskal Herriak nazio instituzio egokirik gabe jarraitzen du", esan zuen Loren Akortxa lehendakariak. Eta udal hautetsien inplikazioa eskatu zuen, "Euskal Herriak Udalbiltza behar duelako, prozesu politikoak nazio erreferentzia instituzionala behar duelako".

Miren Odriozola, Habea Azpeitiko udal plataformako kidea ere zuzendaritzako kide da (iaz Nazioarteko Batzordeko arduradun izendatu zuten), eta bi Udalbiltzek bat egitea eskatu zuen. "Udalbiltza berrantolatzeko garaia da. Elkarlanerako prest dauden udal hautetsiak badaude. Alderdikeriak gainditu, eta udal hautetsi guztien gunea berrosatzeko urratsak egin behar dira". Eskua luzatu zien hartarako.

Gatazka politikoa konpontzearen aldeko eragile bihurtu nahi du Udalbiltzak, eta prozesuan bete-betean murgiltzeko asmoa du. Hartara, bi egitasmo nagusi ditu ikasturte berrirako: gatazka konpontzearen alde aritzea eta Euskal Herriaren nazio eraikuntzaren alde egitea. "Teoriatik praktikara igaro behar da", esan zuen Odriozolak. "Besteak beste, oinarrizko eskubideen urraketak Euskal Herrian zein nazioartean salatuko dituen sistema antolatzeko beharra dago".

Euskal Herriko udalek zeresan handia izan dute iazko mendeaz geroztik nazio eraikuntzan, eta Azpeitiko Udalak funtzio esanguratsua bete izan du hor. Gaur egun, Miren Odriozola Udalbiltza bateko zuzendaritzako kide izateaz gain (Madrilen epaitegian deklaratu ere behar izan), Julian Eizmendi EAJ eta EAren Udalbiltzako lehendakaria da 2003ko azaroaz geroztik.