Lan Mobel Iraurgik etxean hasiko du EBA liga

Uztarria.com 2005ko ira. 15a, 13:09

Lan Mobel Iraurgik Galiziako Ferrol taldearen kontra jokatuko du larunbatean (irailak 17, 18:30)

Denboraldi honetan, lau jokalari berri izango dira taldean: Joseba Ibargutxi, Asier Urnieta, Asier de la Iglesia eta Aitor de Miguel

EBA ligako lehenengo jardunaldia izango da larunbatean 18:30ean, Azpeitiko kiroldegian. Lan Mobel Iraurgik Galiziako Ferrol taldearen kontra jokatuko du.

Jose Luis Zubizarreta Xubi-k Uztarriari adierazi dionez, denboraldi berrirako taldea osatzerakoan taldearen dinamikari lehentasuna eman diote. "Harremanak eta taldearen dinamika positiboak izatea kontuan hartu dugu fitxaje berriak egiterakoan", dio Xubik. Horrela, 2005-2006 denboraldirako lau fitxaje egin ditu Lan Monel Iraurgik: Joseba Ibargutxi, Asier Urnieta, Asier de la Iglesia eta Aitor de Miguel.

Lan Mobel Iraurgirentzat denboraldi berria, "erronka" bat da. "Gure helburua maila mantentzea da. Egonkortzeko asmoa dugu", dio Lan Mobel Iraurgi Taldeko lehendakariak. Bestalde, "talde honek ilusionatzeko ez badu balio, ez du merezi. Gure helburu nagusia ahalik eta jende gehienak saskibaloian jokatzea da. Hori lortuta, taldea goiko maila batean mantentzen badu, hobeto" dio Xubik.

EBA ligan 16 taldek jokatzen dute, eta denboraldi bukaeran horietatik bost mailaz jaisten dira. Gauzak horrela, taldeak "asko sendotu" direla dio Iraurgiko lehendakariak.

Galizia, Salamanca, Avila, Leon, Kantabria eta Donostiako taldeen kontra jokatuko du aurten Lan Mobel Iraurgik, besteak beste.

Denboraldi berriarekin batera, bazkide kanpaina hasi dute Iraurgi Saskibaloi Taldekoek Iraurgik behar zaitu leloarekin. Modu honetan, jendearen babesa bilatu nahi dute. Bazkide egiteko hiru txartel mota daude: hamasei urte azpikoentzako bata, eta beste biak helduentzako. Hamasei urte azpikoen txartelak 10 € balio ditu. Helduentzako txartelak berriz, batek 30€ balio ditu, eta besteak 50€. Azken txartel honekin, Azpeitiko hainbat dendetan %10eko beherapenak egiten dituzte.

Jokalariak*

Baseak

Aitor de Miguel (21 urte. 1,83 m.)
Joseba Ibargutxi (22 urte. 1,91 m.)

Eskoltak

Goar Artetxe (26 urte. 1, 84 m.)
Eneko Etxeberria (23 urte. 1,85 m.)
Alex Astigarraga (26 urte. 1,87 m.)

Hegalak

Xabier Osa (19 urte. 1,97 m.)
Asier Urbieta (21 urte. 1,97 m.)

Hegaleko-pibotak

Iker Lizarriturri (26 urte. 1,94 m.)
Josu Arozena (26 urte. 1,90 m.)
Javi Hernando (32 urte. 1,96 m.)

Pibotak

Jon Arozena (30 urte. 1,95 m.)
Asier de la Iglesia (22 urte. 2,01 m.)

Entrenatzailea

Lolo Encinas (3. denboraldia Lan Mobel Iraurgin)

(*Iturria: Iraurgi SB)