Beñat Lizaso, txapeldun Zarautzen

Josu Azpillaga | Kultura
2005ko ira. 3a, 14:09

Bertsolari Gazteen XXIX. Lizardi Saria irabazi zuen atzo, ostirala, Zarautzen. Bigarren Unai Muñoa izan zen.

Beñat Lizaso atzo Lizardi txapelketan  Argazki originala

Ohi bezala, giro ederra Zarauzko Zinema pilotalekuan. Euskal Astearen barruan, Bertsolari Gazteen XXIX. Lizardi Sariaren finala. Txapeldun, Beñat Lizaso.

Bero zegoen frontoian, eta are bero haundiago egongo zen tabladuan. Halaxe gogorarazi zuen agurrean Iker Zubeldiak, "bertsolari pintan" jardun nahi zutela esan baitzuen, "kiskaltzen ez bagera fokoen argitan". Beñat Lizasok "laugarren finala" zuela gogoratuz bota zuen agurra, eta txapelaren bila zetorrela, "Lizardik horrenbeste zor" baduela berekin-eta. Zorra kitatu nahiko zuen, atzokoan, Lizardik.

Sei bertsolari aritu ziren kantuan, orden honetan: Beñat Lizaso, Agin Rezola, Iñigo Izagirre, Unai Muñoa, Beñat Gaztelumendi eta Iker Zubeldia.

Bukaeran, Iñigo Izagirrerentzat bertso onenaren saria, kartzelako lanean botatako bigarren bertsoagatik. Bigarren postua Unai Muñoarentzat eta, txapeldun, Beñat Lizaso. Izagirrek "gutxienez bertso on bat bota zuela, eta hori ez zela gutxi" esanez eskertu zuen saria; Muñoak bertso eskolakoei eskaini zien, eta "han kantatzea bera bazuela aski sari" esan zuen; Beñatek, berriz, urtarrilaren 3an hil zen bere nagusi eta lagunari eskaini zion txapela, agur sentitu batean. Bera ere hunkitu zuen jasotako txalo zaparradak.

Saioa, gora-behera haundikoa izan zen, antolatzaileek zalantzarik gabe, azken saioa ikusgarria izango delakoan gaude esan bazuten ere. Baina, gora-behera hoien artean erregularren kantatzen asmatu zuen Beñatek, beti maila oneko bertsoak abestuz.

Hamarreko txikian Unai Muñoarekin kantuan, adibidez, biak aritu ziren ederki. Beñat ama zen, eta Unai alaba. Ama fededuna ez bazen ere, eskola erlijioso batera bidali zuen alaba. Orain, mezetara berarekin joateko esan dio alabak amari. Unai ondo aritu zen bere ume paperean eta, Beñatek, elizara joateko ez zuela amaren beharrik, eta nahi bazuen bakarrik joateko erantzun zion, behin joan zela (aitarekin ezkondu zen egunean) eta majo damututa zegoela.

Ohi baino lan haundiagoa izan zuten 6 bertsolarik: lehenbizi 8 nagusian hiruna bertso ofiziotan, 8 txikian beste horrenbeste, 2 punturi erantzun zieten hurrena, 10 txikian berriro ofiziotan hiruna bertso eta, bukatzeko, kartzelako lana: hiru bertso gai berdinari.

Saioa bukatu eta epaileek erabakia hartu bitartean, aurtengo Basarri bertso paper lehiaketako sariak banatu ziren. Xabier Etxeberria zarauztarrak irabazi du saria, eta bere ordez anaia Martinek jaso zuen saria eta abestu sortako lau bertso. Bigarren saria Alaia Martinek jaso zuen. Bertan izan ginen guztiok, gainera, azken 10 urteotan Basarri lehiaketan sariak jaso dituzten bertsoen bilduma-liburua jaso genuen, doan.

Duela bost urte, Jokin Urangak irabazi zuen Lizardi sariketa.

Gara egunkariak azkeneko Lizardi Sariaz artikulua dakarki.

Bidali:  

Erantzunak

XISTO | 2005-09-05 : 12:09

ZORIONAK BEÑAT ETA SEGI HORRELAXE

gora euskadi bertsolari !!!!! | 2005-09-05 : 13:09

aupa beñat hori duk eta segi holaxe landeta mundura zabaltzen ZORIONAK TA SEGI HOLAXE BETI

Bertsozale bat | 2005-09-05 : 16:09

Aupa Beñat zorionak merezitako txapela jantzi dezu ta!!!!

Lagun bat | 2005-09-05 : 18:09

Neuk ere irabaziko nian horren patxararekin, ez dek nerbioso jartzen deskuidauta ere. Baina ZORIONAK!!

Unai | 2005-09-06 : 11:09

Aupa Beñat zorionak, merezi huen horrelako sari bat. Segi bizekletan ibiltzen hurrengo urtean badakik zer dagoen da. ZORIONAK!

IORITZ AIZPITARTE | 2005-09-07 : 14:09

AUPA BEÑAT ZORIONAK!HIK BALIO EK!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu