Uztarria martxan da berriz ere

Uztarria 2005ko ira. 1a, 09:09

Webgunean, eztabaidako eta inkestako galdera berriak daude

Aldizkariaren hurrengo zenbakia urrikoa izango da, eta hasi gara prestaketa lanekin

Oporrak izan ditu Uztarriak abuztuan, iritsi da iraila eta Uztarria berriro martxan da, azpeitiarrei ahal den informaziorik onena emateko asmoz berriz ere. Webgunea gaurtik (irailak 1) aktibo dago eta, besteak beste, edizio jarraituarekin berriro ekiteaz gain, eztabaidako eta inkestako galdera berriak jarri ditugu:

Eztabaidakoa: Nola hobetu litezke Azpeitian kirol instalazioen zerbitzuak? Abuztu osoan kiroldegia itxita egon da, eta abuztuaren lehen erdian estalitako igerilekua ere bai (garbitze lanengatik) eta beste erdian arratsaldez itxita. Azpeitiar asko kexu azaldu dira, Uztarriak jakin duenez. Zer egin daiteke zerbitzua hobetzeko? Zergatik gertatzen dira ixte horiek?...

Inkestakoa: Irailean askok ikastaroetan ematen dute izena. Non hasiko zara zu?
- Eskulanak (pintura, talla, eskultura)
- Hizkuntzak (euskara, ingelesa, alemana, frantsesa...)
- Kirolekoak (aerobika, spining, gimnasia, igeriketa...)
- Dantza (euskal dantzak, saloikoak...)
- Musika (abesten, instrumentuak...)
- Bestelakoak (antzerkia...)
- Inon ez

Horretaz gain, pixka bat geroago, abuztuan Azpeitian edota azpeitiarrekin gertatu denarekin laburpena egingo dugu uztarria.com-en.

Uztarria.com-ek irailetik abendu bukaera arte arduradun berria du: Ainitze Oruesagasti. Kepa Urbietaren lekua hartu du (kanpoan da Kepa, ikasketetako beka dela eta). Uztarria Kultur Koordinadorako kideak dira biak.

Webari dagokionez, berrikuntzak prestatzen ari gara (iritzi atala indartzeko asmoz, besteak beste), eta aste batzuk barru jarriko ditugu martxan.

Uztarria aldizkaria ere martxan dago. Hurrengo zenbakia urriko lehen egunetan argitaratuko dugu (66.a izango da; aurrekoa saninazioetarako atera genuen) eta hasiak gara prestaketa lanetan.

'Urola Kostako Hitza'-k eman du abuztuko berri

Nahiz eta uztarria.com eta Uztarria aldizkaria oporretan izan diren abuztuan, Azpeitian prentsan euskaraz ematen den herri-eskualde informazioak ez du etenik izan, hor izan delako Urola Kostako Hitza egunkaria, baita www.urola-kostakohitza.info webgunea ere. Irailaren erditik urriaren 3 arte oporrak hartuko ditu.

Urola Kostako Hitza 2004ko otsailaren 20an sortu zen, eta Uztarria Kultur Koordinadora sortzaile eta bazkideetakoa da.