Azkargorta: "Lehen mailako talde bat entrenatzeko gogoz nengoen"

Urola Kostako Hitza 2005ko ira. 1a, 20:09
Azkargorta, Chivasekin egindako entrenamendu batean ('La Jornada' egunkaria).

Entrenatzaile azpeitiarrak Mexikoko Chivas futbol taldea entrenatuko du

Abuztuaren 24an joan zen hara, eta hiru urterako sinatu du

(Urola Kostako Hitza egunkarian abuztuaren 25ean argitaratutako elkarrizketa da)

Xabier Azkargorta futbol entrenatzaile azpeitiarrak atzo (abuztuak 24) goizean goiz Mexikora joateko hegazkina hartu zuen. Chivas futbol taldea entrenatuko du hemendik aurrera. Chivas, Athleticen "antz handia" duen taldea dela dio Azkargortak.

Gaur bertan Mexikora zoaz, hango Chivas futbol taldea entrenatzera. Dena lotuta al daukazu hango Chivas taldearekin?

Esan genezake dena lotuta dagoela, baina beno, hara ailegatu eta dokumentuak sinatzea falta zait.

Zenbat urterako sinatuko duzu?

Hiru urterako. Baina urtero berritzeko aukera egongo da. Baina askotan futbolean alferrik izaten da hiru, lau, bost... urterako kontratua firmatzea. Une batetik bestera hautsi daitekeelako.

Mexikoko Chivas futbol taldea entrenatzeko aukera nondik nora sortu zaizu?

Ni Mexikon asko ibili naiz, Real Madrilen nazioarteko futbol eskolen zuzendari lanean jardun naizen bitartean askotan joan naiz hara, eta han hitzaldiak ere eman izan ditut. Aspaldi komentatu zidaten han talderen bat entrenatzeko aukera izanez gero ea joango al nintzatekeen. Ezezkorik ez nien esan. Mexikoko futbola ezagutzen dut, han asko ibili naizelako.

Zer dakizu Chivas taldeaz? Ezagutzen al duzu?

Mexikoko futbol talde popularrena da. Hemengo Athleticen antz handia du. Taldean jokalari mexikarrek bakarrik jokatzen dutelako, atzerritarrik ez dago taldearekin jokatzen. Aurten, gainera, Real Madrilfutbol taldeak Chicagon Chivas taldearen aurka jokatu du denboraldi-aurreko partida bat.

Zein helbururekin zoaz Mexikora edota zein helburu bete nahi dituzu han?

Han eskatzen duten bakarra partidak irabaztea da. Ez dago besterik, horixe eskatzen dute.

Zein arrazoigaitik onartu duzu Mexikoko Chivas taldea entrenatzea?

Orain arte eroso ibili naiz lanean, eta oso gustura. Datorren hilabetean 52 urte beteko ditut eta talde bat entrenatzeko gogoa nuen, konpetizio mailan aritzeko gogoz nengoen. Eta lehen mailako futbol talde bat entrenatzeko aukera sortu zait orain.

Aspaldian talde bat entrenatzen ez zara aritu. Azkenaldian batik bat hautatzaile lana egin duzu?

Azkena Japongo Yokohama entrenatu nuen. Gogoz nengoen lehen mailako talde bat entrenatzen jarduteko.

Beti etxetik kanpoko futbol taldeak entrenatzeko aukerak izan dituzu. Orain ere kanpoko bat entrenatuko duzu...

Etxeko futbol talderik entrenatzea ez didate eskaini. Aurten ere Realean Bakerok bete duen postuan egotekoa nintzen eta azkenean ez dakit zer gertatu den, baina Bakero hartu dute postu hori betetzeko.

Asteburuan Espainiako futbol Liga hasiko da. Nola ikusten dituzu euskal taldeak?

Alaves mailaz oraintxe igo da, baina talde polita dauka. Osasuna egonkortasun handiko taldea da. Athleticek entrenatzaile berria du, taldea berritzen-eta apustu handia egin du eta oraindik adaptazioko arazo batzuk dauzka. Realak, berriz, aurten apustu handia egin du, jokalari berri gutxi fitxatuz. Ikusi beharko da ea nola irteten zaion.

Azkargortaren ibilbidea

Xabier Azkargorta 1953an Azpeitian jaio zen. Orain Bartzelonan bizi da. Medikua da ikasketaz. Hala ere, aspalditik futbola du ogibide. Orain arte ez du inoiz lehen mailako euskal futbol talderik zuzendu.

Entrenatzaile. Hurrenez hurren, Lagun Onak, Aurrera Ondarroa, Tarragona, Espanyol, Valladolid, Sevilla, Tenerife, Bolivia, Txile eta Japongo Yokohama Marinos futbol taldeak entrenatu ditu. Orain, Mexikoko Guadalajarako Chivas futbol taldea entrenatzen hasiko da.

2003-2005. Real Madrileko nazioarteko futbol eskolen zuzendari jardun da lanean.

Sariak. 2000ko uztailaren 20an, Eusko Jaurlaritzak emandako Euskadi Saria jaso zuen Gasteizen. Kirolean egindako lan teknikoagandik eman zioten saria.

Liburua. Futbolsofia liburua argitaratu zuen 1999. urtean, Alberdania argitaletxearekin.