Liburutegiari buruzko kritika des(kons)truktibo bat

Mikel Ayerbe | Iritzia
2005ko uzt. 26a, 10:07

Uda duela dezente iritsi zen eta zori-oneko ikasle asko oporretan dira jada. Zori-txarreko ikasleei iraila gelditzen zaie aurretik. Baina, uda baino lehen oporretara alde egin zuenik ere bada: Azpeitiko Udal Liburutegia. Eta zehazki ez dakigu noiz arte. Igogailuz egin omen du oporretarako bidaia, eta liburuak katalogatzea izan da oporretarako beste aitzakia bikaina. Bikaina diot, liburuak katalogatu eta Euskal Herriko liburutegien arteko sarean sartuko direlako eta bikaina diot, egin beharreko gauza bat zelako.

Baina nire kezkak ez doaz bide horretatik. Liburuak katalogatu egin behar dira eta igogailua jartzea ere derrigorrezkoa da eskailerak igo ezin dituztenentzat. Horra arte ados. Baina ados ez nagoen gauza bat da urte berean nola litekeen azterketa sasoian liburutegia itxita edukitzea, gabonetan ere igogailuen obrengatik itxita egon baitzen. Eta ez nago ados udan, liburuak irakurtzeko asti gehien izaten den sasoian, herriko liburutegitik liburuak ezin atera izatearekin. Ez nago inolaz ere ados.

Ados, zer egin behar zen orduan? galdetuko du baten batek, eta niri erantzun arrunt bat etortzen zait ahora: gauzak beste modu batera egin. Nola?. Bada hasteko, liburu guztiak batera ezin katalogatu direlako, liburuen katalogatzea txandaka egingo nuke, liburu batzuk (demagun fikzio-literaturazkoak) beste eraikin batera (udaletxera edo berak gobernatu nahi dituen beste ‘etxe’-etara) eramango nituzke eta gutxienik, liburu batzuk irakurtzeko aukera izango genuke (besterik ezean, ni neu prestatzen naiz goizetan liburutegi “mugikorraz” arduratzeko). Baina kontu zoro hori oraintxe asmatu dudan irtenbide txoro bat besterik ez da, ni ez naizelako injenierue eta egongo delako hortaz arduratzen den norbait herri pres(ta)tu honetan, ezta? Baina nire kezka nagusia da ea inork pentsatu duen beste irtenbiderik, uda osoa liburutegia ixtea erabaki aurretik. Eta hala izanik, gustatuko litzaidake zein aukera aztertu ziren jakitea.

Bestalde, liburutegia ixteak eragin du nigan itxaropenik, inozoa edo inozoegia naizelako agian. Eta nire itxaropena da, ez-dakit-zein-egunetan liburutegia irekitzen dutenean modu duin (badakit nazkagarria dela hitz hori, baina kasu honetan beharrezkoa iruditzen zait) batean irekitzea. Zer den modu duina? Bada liburutegian orain arte izan diren akatsak zuzentzen saiatzea. Hau da (eta ikus dezazuen kexatzea ez dela nire asmo bakarra, ez bada liburutegiaren zerbitzuak hobetzen –duintzen?– laguntzea), orain arte gaizki egin diren gauzak zuzentzea. Eta nik, liburutegietako erabiltzaile bat naizen aldetik, uste dut konpondu beharreko gabezi batzuk badituela Azpeitiko Udal Liburutegiak. Eta jarraian, nik antzeman ditudan gabezi hauek zeintzuk diren azaltzen saiatuko naiz.

Batetik, liburutegiko apaletako egoerak erre egiten nau. Nazkagarria da liburu bat apaletan ezin aurkituz ibiltzea, eta ez da katalogoaren ordenagailua erabiltzen ez dakidalako, ez bada liburu guztiak ez direlako egon behar luketen lekuetan egoten. Gertatu izan zait haur eta gazteen sailean helduentzako liburuak aurkitzea, euskarazkoak atzerriko liburuen ataletan, nobelak erlijioaren apaletan… eta ez naiz ari exajeratzen, nahiz eta kontua barregarria den. Zertarako da liburutegi bat, liburuak txukun eta ordenatuta edukitzeko ez bada? Imaginatu zuen buruak supermerkatuan eta barazkien atalean arrainak, arrandegian esnea eta esnea egoten den lekuan bizarra mozteko tresnak daudela. Erortzekoa ezta? Ba liburutegian berdin. Eta arazoa ez dator liburuzainek liburuak beren lekuetan jartzen ez dituztelako, baizik eta erabiltzaileok edozein lekutan jartzen ditugulako ikusi eta erabilitako liburuak. Eta bai, errua erabiltzaileona da, baina zergatik ez dago apaltxo mugikorrik (edo karritorik, denok ulertzeko), liburutegi gehienetan bezala? Liburuak kontsultatu ondoren karritoan utzi eta liburuzainak bere lekuan jar ditzan?

Berritasunak egoten diren apala ere hobetu daiteke. Nire ustez, liburu gutxiegi egoten dira, azken-azken berritasunak soilik. Eta berritasunak ez dio berri izateari egunetik gauera uzten. Nire iritzia da, mahai edo apal handiago bat beharko litzatekeela liburu berri eta hain berriak izan gabe ere, oraindik berriak direnak jartzeko. Eta liburuzainei mahai hori zaintzeko eskatuko nieke, iristen diren liburu berriez eta ez hain berriez arduratuz. Hartutako edo mailegatutako liburu berrienen hutsunea, liburu ez-hain-berriez betez.

Iradokizun edo aholkuentzat ere ez dago lekurik (gure?) liburutegian, ez dago kaxa, kuaderno edo abarrik inoiz norbaitek liburu jakin bat Azpeitiko liburutegian egotea nahi badu. Gutxienik eskatzeko aukera izan dezan. Eskatzea libre izango da oraindik ezta?

Eta ez nuke luzatu nahi (luzatu naizen jakinaren gainean diot hori) gauza gehiago esanaz, adibidez nola liteken irratia Azkoititik entzuteko moduan jartzea; edo astean zehar itzultzen diren liburuak egunero apaletan jarri beharrean, astean behin egitea egunero egin beharrekoa (bitartean mahai ertz batean hautsa pilatzen egoten dira)… Eta liburutegira ipuin-kontalari, literatur-emanaldi gehiago ekartzea edo CD eta DVDak maileguan jartzeaz ez dut hitzik egin nahi, eskatu ezin denean, gehiegi eskatzea delitua baita.

Eta bitartean inozoagotzen jarraituko dut, irekiera epea luzatzen eta luzatzen hasten direnean ere esperantza galdu gabe, besterik ezean, norbaitek hitzok irakurri eta pixkat bada ere, gogoeta egiten duen. Ea liburutegia irekitzean, liburutegi bat irekitzen duten eta ez lehen bezala liburuak zabortegian baleude bezala erabiltzen ziren eraikuntza hori.

Besterik ez, oraingoz.

Bidali:  

Erantzunak

Leire | 2005-07-26 : 13:07

Besterik gabe Mikel Ayerberekin erabat ados nagoen irakurle bat naiz, idatzi honen bidez bere iritziari bultzada bat emateaz gain, liburutegia larunbat goizetan irekitzea ere proposatuko nuke. Batetik, beste hainbat herritan hala egiten delako eta bestetik, astea kanpoan igarotzen dugun ikasleentzat beharrezkoa deritzodalako.
Bien bitartean etxean ditugun liburu zaharrak elkartrukatzen hasi beharko gara Azpeitian, izan ere, uda honetan horrenbeste famatzen duten irakurketa egiteko baliabide gabezian baikaude.
Zerbitzu publikoen erabilera bultzatu nahi dugun herritarroi, gutxienik Uztarriak horretarako bidea ematen digu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu