Manoli Uranga PSE-EEko kidearen etxeari eraso egin diote bart

Uztarria 2005ko uzt. 24a, 16:07

Goizeko ordu batak laurden gutxian koktel bat bota dute ezezagun batzuek

"Kalteak oso arinak" izan dira, Udaltzaingoak esan duenez

Manoli Uranga PSE-EEko kidearen eta Azpeitiko zinegotziaren etxearen kontrako erasoa gertatu da bart (igandea), goizeko ordu batak laurden gutxian. Ezezagun batzuek "koktel bat" bota dute etxearen kontra, Azpeitiko Udaltzaingoak Uztarriari adierazi dionez, "eta kalteak oso arinak izan dira, segituan garbitu dugulako". Gaur eguerdian erasoaren ia arrastorik ez zen antzematen eraikinean. Koktela bota zutenean, Uranga bera etxean zegoen, Udaltzaingoak esan duenez. Enparan kalean bizi da hura, aurreneko solairuan.

Ez da lehen aldia PSE-EEko kidearen etxearen kontra eraso egin dutela. Aurreko aldia 2003ko abenduaren 6an izan zen. 2001ean ere erasotu zuten haren etxea.

Urangak eskertu egin du herritar "askoren" eta Julian Eizmendi alkatearen babesa, eta Azpeitian segituko duela esan du.

Miguel Buen, PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusiaren ustez, gaur goizeko ekintzaren helburua, "beldurra" sortzea da, eta erasoa gaitzetsi egin du. "Uste badute gure kargu publikoen eta gure egoitzen kontra eraso eginda otzandu egingo gaituztela, oker daude", esan du Buenek. "Askatasunaren alde gaude, eta mehatxuen ondorioz, gehiago berresten gara gure proiektuetan eta ideietan".

PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusiak esan du "zentzuzko gizaki orok sentitzen" duela edozein pertsonen heriotza, baita Imanol Gomez ere —Frantzian Poliziarengandik ihesean istripuan hil den ustezko etakidea—, baina haren heriotzak ez du justifikatzen beste pertsona batzuk eta hauen ondareak erasotzea".