22 sagardogile egongo dira Sagardo Egunean, iaz baino bat gehiago

Uztarria | Festak
2005ko uzt. 21a, 11:07

Guztiek lekua izan dezaten, lehen aldiz, Hispanoneko arkupeetan ere postuak jarriko dituzte

Bi sari banatuko dira: Epaimahaikoek emandakoa eta elkarteetako publikoak emandakoa

Luis Beloki, Xanti Lazkano, Mikel Ibartzabal eta Alaitz Alberdi, atzo eskainitako prentsaurrekoan.  Argazki originala

Atzo, asteazkena, 2005eko Sagardo Eguna aurkeztu zuten Añota Sagardotegian, eta antolatzaileek adierazi zutenez aurtengoan "22 sagardogile etorriko dira" Santio Eguneko XXXIII. Sagardo Lehiaketara, iaz baino bat gehiago. Eta hori dela eta, lehenengo aldiz, Hispanoneko arkupetan ere postuak jarriko dituzte, guztiek behar duten lekua izan dezaten.

Lau elkartek (Loiolatxo, Landeta, Goikabi eta Izarraizpe) hartu dute parte antolatze lanetan eta Udalaren laguntza ere izan dute Xanti Lazkanok adierazi zuenez. Bi txapelketa izango direla ere esan zuen: "Batetik, txapelketa ofiziala egongo da, epaimahaikoek erabakiko dutena saria nori eman. Eta bestetik, publikoak emandakoa egongo da. Azken honetan elkarteetako jendeak erabakiko du saria nori eman". Bi txapelketa hauekin sagardogileei pizgarria egingo zaien eguna antolatu nahi izan dute.

Azpeitiko herria sagardozalea dela nabarmendu zuen Lazkanok, eta datu batzuk eman zituen: "Azpeitian guztira 100.000 litro sagardo edango da urteko, gutxi gora-behera. Botiletatik 75.000 litro, eta txotxetik 25.000 l. Datuok Azpeitia zenbaterainoko sagardozalea den erakusten dute".

Mikel Ibartzabal, Udal Festa Batzordeko buruak, "egun polit horretaz gozatzeko" eskatu zien guztiei, eta eskerrak eman antolatzaileei eta Añota sagardotegiari.

Logotipoa

Alaitz Alberdik Sagardo Eguneko logotipoa aurkeztu zuen (iazko berbera da). Egilearen esanetan, aukera askorik ez zuen izan logotipoa egiterakoan: "Hiru edo lau logotipo aurkeztu nituen iaz, antzekoak, aukera askorik ez zegoelako ezberdinak egiteko, eta haietako bat aukeratu zuten. Sagardoa eta kupelak lotzen ditu".

Logotipoa elastikoetan eta edalontzietan joango da. Ohi bezala, edalontziak erosi egin beharko dira 1,5 eurotan, eta ondoren nahi adina sagardo edateko aukera izango dute zaleek, 12:00etatik aurrera.

Santiotako egitaraua

Uztailak 22tik 25era bitartean Santiotako festa giroan murgilduko da herria. Dantzak, kirol probak, jaialdiak, kontzertuak, lehiaketak... antolatu dira. Guztiaren berri uztarria.com-eko agenda atalean jakin ahal izango duzue.

Bidali:  

Erantzunak

jon | 2005-11-03 : 09:11

oso ondo

jon | 2005-11-03 : 09:11

oso ondo

jon | 2005-11-03 : 09:11

oso ondo

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu