Uztailaren 16an Picos de Europara doaz mendizaleak

Urola Kostako Hitza 2005ko uzt. 6a, 12:07

Irteerarako izena emateko azken eguna uztailaren 14a dela gogorarazi dute

Mendi irteeran parte hartzeko mendian federatuta egotea derrigorrezkoa da (www.urola-kostakohitza.info)

Lagun Onak Mendi Bazkunakoek mendi irteera berri bat antolatu dute hil honetarako. Uztailaren 16 eta 17ko asteburuan Picos de Europako mendietara joango dira. Han Poncebos-Bulnes-Fuente De mendi zeharkaldia egiteko asmoa dute.

Mendi irteeran parte hartzeko mendian federatuta egotea derrigorrezkoa dela adierazi dute mendizaleek. Picos de Europarako irteeran izena emateko azken eguna hilaren 14a jarri dute. Izena, Mendizaleen tabernan eman behar da eta Lagun Onak Mendi Bazkunako bazkideek 55 euro ordaindu behar dute. Ikasle eta langabetuek 30 euro, eta gainontzekoek 70 euro. Diru horrekin, autobusez egingo den joan-etorria, kanpineko partzela eta larunbateko afaria ordainduta geldituko dira.

Egonaldia kanpinean

Egonaldia La Viorna kanpinean (Potes herrian dago) egingo dute mendizaleek eta larunbateko afaria, berriz, El Bodegon jatetxean. Kanpinean pasatuko dutenez gaua, irteeran parte hartuko dutenek kanpina, lo zakua eta esterilla eraman beharko dituzte.

Uztailaren 16an goizeko 03:00etan izango da Picos de Europarako autobusaren irteera, Azpeitiko plazatik, eta igande arratsaldean itzuliko dira berriro herrira.