Bizi modernoaren ajeak

Urola Kostako Hitza 2005ko uzt. 4a, 13:07

Zinema eta literaturaren arteko harremana izan zuen hizpide Eider Rodriguez idazleak, Literatuztak antolatutako zikloan

Ondoren, Jean Luc Godard Frantziako Nouvell Vague deritzon zine mugimenduko ordezkari ezagunenetakoaren A bout du souffle filma ikusi zuten (www.urola-kostakohitza.info)

Azpeitiako Literatuzta taldeak I. Literatura Zikloa antolatu eta hasiera eman zion herenegun gauean. Eider Rodriguez idazlea zinema eta literaturaren arterko amodiozko eta herrazko hartuemanei buruz aritu zen udaletxe azpiko ikasgela eta zinema areto inprobisatuan. Heroiaren heriotza: krispetarik gabeko zinemaren jaiotza izena eman zion bi adierazpen artistiko hauen arteko loturen gorabeheren kontakizunari. XX. mendeko arte berriaren agerpenak literaturan sortutako iraultza eta azken honen historiaren pisuak "ahizpa jaioberrian" izandako eragina udako gau lasai batean azaltzea ez zen lan samurra izan hizlariarentzat. Hala ere, mahaiaren inguruan bildutako literatura eta zinema zaleek gustura entzun zuten hitzaldia. Ondoren, Jean Luc Godard Frantziako Nouvell Vague deritzon zine mugimenduko ordezkari ezagunenetakoaren A bout du souffle filma ikusteko parada izan zen.

Asperdura. Entretenimenduzko film klasikoak ikustera ohituagoak gaudela-eta zinema mota ezberdin bat ikusten dugunean aspergarri hitza zergatik esaten dugun azaldu zuen Rodriguezek hitzaldian. Heroi klasikoaren nortasun trinkoak, erronkak gainditzeko eta helburuak lortzeko abentura atzemangarrien kontakizunek osatzen dute narrazio klasikoaren egitura. Ahozko zein idatzizko literaturan eskema berbera errepikatzen zen behin eta berriz. Baina XX. mende hasieran egitura zurrun hau hankaz gora geratu zen. Franz Kafkaren Metamorfosia eleberriak literaturan mugarria ezarri zuen. Zenbateraino erabakiorra izan zen zinema iraultza honetan? Zinemak egiatasun handiagoa ematen zion narrazioari. Errealitateari lotuagoa zegoen irudipena ematen zuen. Nobelak bide berriak jorratzeko beharra zuen. Orduan sortu ziren Dos Passos-en Manhattan Transfer edo Joyce-ren Ulises bezalako lanak. Eta lurrikara ikaragarrienen pareko indarrarekin mugitu zituzten literatura unibertsalaren oinarriak. Heroi berri bat jaio zen orduan. Helburu zehatzik gabe zebilen heroi grisa, ezaugarri eta helburu jakinik gabea. Gizon modernoa (normalean gizonezkoak izaten ziren protagonista nagusiak) babesik gabe bizi da mundu arraro eta handiegi batean. inguruan gertatzen dena ulertzeko esperantzarik gabe.

Estrainotasuna. Heroi modernoa zineman sartzen denean estrainotasun moduko bat sentitzen hasten da ikuslea. Istorioa ez da espero daitekena. Heroiak zalantzak ditu, beldurrak, askotan logikarik gabe jokatzen du... Zinema berria jaio da. Munduan zehar herrialde askotan aldi beretsuan gertatu zen fenomenoa (Txile, Brasil, Magreb, Frantzia, Espainia, Italia) da zinema berriarena. Eta zinema horrek islatzen zuen errealitatea gordinegia zen sarritan, krispetak jateko gogoa kentzeko modukoa. Errealiatearen kontzientzia hartzea ez baitator bat urdail lasaiekin.