Uztailaren 15ean irekiko dute gaztetxe berria

Urola Kostako Hitza 2005ko eka. 23a, 12:06

Gazte koadriletako ordezkariekin batzarra egin zuten herenegun Azpeitian Gazteok Zer?! taldeko kideek

"Orain da garaia gazteok Gaztetxearen antolaketan parte hartzeko", diote Azpeitian Gazteok Zer?! taldeko kideek (www.urola-kostakohitza.info)

Behin-behinekoz uztailaren 15ean irekiko dute Gaztetxea, Urola kalean (Loiola 91ko eraikina bezala ezagutzen denean) Udalak utzitako lokalean. Hala erabaki zuten, Azpeitiak Gazteok Zer?! taldeak deituta, gazte koadriletakoekin herenegun Sindikatu Zaharrean egindako bileran. Gutxieneko kontuak zehaztuta eta antolatuta zabalduko da Gaztetxea herriko jaiak gertu direlako, baina irailean ekitaldi handiago batekin irekiko dutela erabaki dute.

Gazteak eta Udalak egindako hitzarmenaz hitz egin zuten batzarrean, eta "lokala borroka baten ondorioz lortu" dutela ere nabarmendu zuten gazteek.

Gaztetxearen funtzionamendua, egituraketa, lan taldeak eta batzarrak antolatu beharraz jardun zuten: "Orain delako garaia gazteok Gaztetxearen antolaketan parte hartzeko".

Lokala

Batzarra bukatu ondoren, gazteak Gaztetxe berria izango den lokala ikustera joan ziren. Udalak utzitako lokalak 330 metro koadro ditu. Oinarrizko moldaketa obrak Udalak egin ditu, eta orain gazteek barrua nola egituratu erabaki beharko dute, eta horretarako lan taldeak ere osatu dituzte. Hiru gela atontzeko asmoa azaldu zuten batzarrean. "Dena batzarretan erabakiko da eta horien deialdiak Gazteok Zer?! taldeek egingo ditu", zioten.

Talde eragile bat osatuko da eta azpitaldeak ere egongo dira, "batzuk finkoak eta beste batzuk behin-behinekoak, beharren arabera".

Hurrengo bilera

Datorren asterako ere Gaztetxearen inguruan hitz egiteko eta antolaketa lanekin aurrera jarraitzeko beste bilera baterako hitzordua jarri zuten gazteek. Asteartean izango da batzarra, 21:00etan, Sindikatu Zaharrean.

Hitzarmena (Udalak gazteekin egina)

Urte eta erdi inguru da Udala eta gazteak biltzen hasi zirela Gaztetxearen inguruan hitz egiteko. Mahai bat osatu zuten, bertan EAJ, EA eta Habeako ordezkariez gain gazteak egon dira. Ondorioz, Udalak lokala utzi die eta hitzarmen bat ere sinatu dute. "Luzea" da egin den hitzarmena, baina Azpeitian gazteok Zer?! taldekoen esanetan honakoak dira hitarmeneko puntu nagusiak:

Gaztetxearen kudeaketa: "Gestio aldetik garrantzitsuena Gaztetxea gazteok gestionatuko dugula da, Udala Gaztetxearen barruko funtzionamenduan ez da sartuko. Hala ere, maiztasun jakin batekin Gaztetxearen inguruan bildutako mahaiak batzarrak egingo ditu, eta bi aldeetatik, Udala eta gazteak, komunikazioa egongo da".

Lokala gazteei uztea: "Hasieran epe bat jarri zigun Udalak, baina azkenean lortu dugu beste lokal bat eduki arte lokala gazteoi uztea".

Mahaia: "EAJ, EA eta Habeako ordezkariak eta gazteok osatutako mahai bat osatu da. Denok sinatu dugu hitzarmena. Mahai hori izango da erabakigunea. Esaterako Gaztetxean zerbait gertatuko balitz, mahai horretan aztertuko litzateke eta mahai horretan hartuko da erabakia".