Bizitzako gauza txikiak biltzen ditu Aristiren liburuak, gauza txikiak bezain handiak

Beterriko liburua (26. zenbakia) 2005ko eka. 22a, 16:06

Beterriko liburua aldizkariak elkarrizketa interesgarria egin zion Pako Aristi idazleari. Uztarriak, Beterrikoek utzita, guzti guztia jaso du

Lehen aldiz, idazle berberari bigarren elkarrizketa egin dio Beterriko Liburua aldizkariak. Pako Aristiren kasua da. Aurrez Libreta horiko poemak liburuaz hitz egin zuen; oraingoan, berriz, Beterriko Liburua 04 izendapena jaso berri duen Gauza txikien liburuaz.

Berriki jaso duzu Beterriko Liburua izendapena Gauza txikien liburuarekin. Gustura?

Poz handia izan zen. Jon Unanuek deitu zidan eta hasieran, ez zidan esan saria eman zidatenik. Saria eman behar zidaten egun horretan libre al nintzen galdetu zidan. Bilbon emanaldi bat nuen baina, 19:30etarako etortzeko moduan nintzen. Nik testuren bat edo irakurri beharko nuela pentsatu nuen, ekitaldia janzteko. Gero esan zidan saria jasotzera joan behar nuela. Hainbat sari jaso dut baina, sari bakoitza lehenengo aldia balitz bezala izaten da; inoiz jaso izan ez bazenu bezala. Nik hala sentitzen dut. Liburua argitaratutakoan ere bai; lan asko argitaratu dut baina, argitaratzen den liburu bakoitza lehenengo liburua balitz bezala hartzen dut nire baitan: ilusioa, gogoa,… Liburu-dendaren batean ba ote dagoen espiatzea… Sentsazio horiek niri ez zaizkit galdu.

Entzundako hainbeste gauzekin pixka bat lotsatuta egon beharko zenukeela esanez ekin zenion hizketaldiari.

Gauza onak entzuten ez nago oso ohituta. Hara eta hona begira jarri eta batzuetan, agertzen dira nire liburuen kritikak; normala den bezala, batzuk besteak baino hobeak izaten dira. Nire idazteko estiloa zirikatzailea delako-edo, azken urte hauetan, kontrako kritika asko jaso dut, kritika zakarrak ere irakurri ditut… Ez naute inoiz izutu baina, gauza onak entzuteko ohitura galduta neukan. Horregatik esan nuen hori.

Euskal idazlearen balada idatzia irakurri zenuen ondoren. Euskal idazlearen defentsa sutsua egin zenuen bertan.

Idazle profesionalaren defentsa egin nuen idatzian. Termino horiek oso labainkorrak badira ere: idazle profesionala, idazle amateurra… Profesional hitza kendu eta idaztera dedikatzen den idazlearen defentsa egin nuen eta, batez ere, bere askatasunaren defentsa; libre izatekoa. Idazleak, gizartean dauden kategoria guztien aurrean, intsumisoa izan behar duela uste dut nik; berak nahi badu, noski. Sumiso den idazleak nire interesa galduko du berehala. Idazle intsumisoaren defentsa egin nuen eta horretara dedikatuta bizi denaren defentsa. Idaztera dedikatzeak bizitzan eta bizimoduan dakartzan ondorioak azaldu nahi nituen. Askotan erosotasunak galtzen dira, gorabehera asko duen bidea da… Hori guztia agertu nahi nuen, uste baitut gutxi agertzen dela euskal idazlearen barruko bizitza hori.

Telebistari bereziki eta bestelako hedabideei ere egin zenien aipamena…

Euskal liburuei eman zaien eta ematen zaien tratamendua ez da egokia. El Diario Vasco egunkarian esaterako, orain zertxobait aldatu den arren, urtetan euskal liburuak beti euskarazko orrietan ateratzen ziren eta kulturaren orrietan, ez zen sekula euskal libururik ateratzen. Hori bai, euskal liburua itzulia baldin bazen, kulturako orrietan ateratzen zen, se publica al castellano el libro de…´. Euskaraz zen bitartean, kulturako orritik aparte, bere mundu normaletik aparte etortzen zen. Gai horren inguruan, gauza asko esan daiteke. ETB2rena, etsipen baten ondorioa da. Erremediorik ez daukala-edo ikusten dugun gai baten salaketa. Horrelako zerbait esaten duzunean, zuri kasu gehiago egiteko eskatzen ari zarela ematen du eta ez da hori. Nik ez dut nire buruarengan atentziorik jarri nahi, hura ez zen negar edo kexa bat. Batetik, konstatazio bat zen, bestetik, kritika bat eta bide hori hobetzeko proposamen bat, Euskal Herrian dauden hiztun komunitateen artean, oreka sendoagoa sortzeko asmoarekin eta literaturari, daukan lekua eta balioa emateko asmoarekin. ETB1en ere gehiago zain daiteke literatura, noski. Afal ondorengo prime time-an programa kaxkar asko egoten da. Beste programen ondoan, literatura non geratzen den ikusten da. Sautrela oso saio polita eta duina da, niri asko gustatzen zait. Nolabait esan, badirudi ez dutela saio hori serio hartzen, jartzen dioten ordutegiagatik. Betelanaren zatian dago eta ez gauza interesgarrienetan, apustu garrantzitsuen orduan.

Euskara denen ahotan kontsigna moduan ibiltzen den bitartean, gero errealitateak emandako datuak oso pobreak direla aipatu zenuen. Irakurle faltaz ere hitz egin zenuen…

Euskararen inguruan kirol ekintza ugari egiten da. Esaterako, euskararen alde kros bat dagoela ikusten dudanean, harritu egiten naiz. Ez dut ulertzen zer ikusirik duen euskararekin krosa edo maratoi erdia korritzeak, 20 kilometro izerditan pasatzeak, eta horretarako egin behar den prestakuntza guztia aurreko hilabeteetan egiteak. Kros hori prestatzen ari dena, irakurtzeko denbora galtzen ari da, korrika egitera joan behar duelako egunero. Euskararen arazoa arazo sinboliko bihurtu da. Maila sinbolikoan, denak baitaude euskararen alde. Denek egiten dute ekintzatxoren bat: Sinaduraren bat eman, halako festara joan, halako dirutxoa eman… Inori ez zaio bururatzen euskaraz gaizki hitz egitea. Hizkuntza batek hiru erabilera alor dauzka: hitz egitea, irakurtzea eta idaztea. Ez dauka beste erabilerarik; hizkuntza ez da futbolean jokatzeko edo mendira igotzeko. Hala ere, euskararen alde dagoela esaten duen zientoka milaka jende horrek, gero ez du aplikatzen bere esan hori hiru esparru horietakoren batera edo, batean aplikatzen du bakarrik eta beste bietan ez. Normalena da hiru esparruetan ez aplikatzea, gaztelaniaz hitz egitea eta euskarazko libururik ez irakurtzea. Jendeak sozialki erakusten duenaren eta hizkuntzaren benetako balioaren artean, etendako zubi bat dago. Zubi hori berregitea gauza sozial eta politikoa ere bada. Instituzioetatik egin behar da baina, norberaren baitan ere badago neurri handi batean. Nik horixe botatzen diot jende horri aurpegira.

Aipatutako hutsuneen aurrean, nola ikusten duzu etorkizun hurbila?

Zaila da. Orain gutxi, berrehun mila euskaldun berri gehiago dagoela esan dute, betikoa. `600.000 ez, 800.000 gara´. Baina, irakurleak ez dira gehiago; bi mila eta hiru mila artean. Liburu bat institutu batean gomendatua izan gabe, gustuz erosten bada; bederatziehun alekoa, milakoa, bi milakoa izaten da salmenta. Bi mila eta bostehun alera iristen bada, oso ondo funtzionatu du liburu horrek. Irakurleen kopurua ez da bi milatik sei milara pasa. Ez dugu ahaztu behar hautsitako zubi hori hor dagoela eta, esan egin behar da. Esan egin behar da beti, ahalik eta instantzia boteretsuenen aurrean eta, idatzi egin behar da eta jarraitu esaten eta esaten, lata ematen. Guk idazten jarraitzen dugun bezala. Nik hogei urte daramatzat idazten, isilean nire lana egiten. Baina, publikoki hitz egin behar dudanean, beti aipatuko dut hor dagoen desoreka ikaragarri hori: presentzia sinboliko soziala eta erabilera praktikoaren arteko desoreka basati hori. Hizkuntzaren alor praktiko horretara entregatuta bizi garenontzat, oso mingarria den haustura edo urruntasuna.

Hitz baikorrik ere izan zenuen;"euskal idazlearen balada, balada zaharra da, aspalditik datorrena. Orain guri egokitu zaigu hura osatzen jarraitzea, eta uste dut literatura ederra ari garela osatzen denon artean".

Bertsolariek erakutsi didate niri katebegi garela. Bertsolariek hori oso barneratuta izan dute eta praktikan jartzen asmatu dute. Aurrekoengandik jasotako tradizio guztia jaso dute, bai doinuen edo errimaren aldetik. Lotura ikusten da. Nik neuk, pertsonalki, euskal literaturaren barruan, sentitu izan dut hori azken urte hauetan. Gero bakoitzak nahi duen bezala idazten du; bakoitzak ditu bere fobiak, zaletasunak, aspirazioak… Iruditzen zait kontzientzia badagoela euskaraz idazten hasten direnen artean, nahiz eta batek hogei liburu atera eta besteak bizpahiru. Gure aurreko idazleak ere ezagutzen ditugu, euskararen historia bera ezagutzen dugu eta egoera diferentean gaude. XX. mende hasieran seiehun mila biztanle eta bostehun mila hiztun zituen Euskal Herriak. Portzentaia oso altua zen, ehuneko laurogeitik gorakoa. Egun egoera aldatu egin da. Bostehun mila hiztun inguru izaten jarraitzen dugu, datuak datu. Esan daiteke XX. mende hasierako familia hura, gaur egun ere familia berdina dela baina, gure ingurua hazi egin da; ia hiru milioi biztanle gara. Aldizkari bat euskaraz eta gaztelaniaz berrehun daude. Telebista kate bat euskaraz eta gaztelaniaz eta beste hizkuntzatan berrogei, ehun, berrehun… Ingurua ikaragarri hazi egin zaigu eta gu, XX. mende hasierako multzo hartantxe mantentzen gara. Horrek askotan gu estaltzen gaitu edo bostehun mila pertsonako taldeak ez du indarrik hiru milioi pertsona mugitzeko, bere lekua egiteko eta jende hori erakartzeko. Euskararen inguruan, halako traiektoria historiko, linguistiko eta sentimental handia ikusten dut nik.

Zure azken liburura etorriz, azaletik bertatik hasiko gara. Irudi bitxia aukeratu duzu…

Kcappo lehen liburua eskuetan dudala ateratako argazkia da. Nire ideia pertsonala izan zen. Uste dut euskal idazle batek inoiz ez duela bere argazkia portadan jarri. Niri gustatzen zait gauzak probatzea eta gauza desberdinak egitea; ondorioz, ideia hori proposatu nuen argitaletxean. Ondo hartu zuten haiek. Solapan gordeta beharrean, idazlearen argazkia azalean azalduz, keinu bat egin nahi nion gizarteari. Diskoetan normala da aspaldidanik kantariaren argazkia azaltzea. Euskal kantagintza berrian hasi ziren kantari gazte haiek, hogeita bost urterako, beren argazkia jarri zuten diskoaren portadan. Hori normal ikusita dago, estandarra da. Liburuetan, berriz, ez. Beste literaturatan, gero eta gehiago azaltzen da idazlearen argazkia azalean. Liburua aurkeztu nuenean, jendeari erakusteko, hainbat lekutako liburuak eraman nituen non portadetan, idazleen argazkiak azaltzen ziren. Arrisku txiki hori hartu nuen, jendeak zerbait estrabagantetzat hartzeko arrisku horrekin. Batzuek ondo hartu dute, beste batzuek ez.

Izenburuak berak laburbiltzen du liburua, ezta?

Bai, gauza txikien liburua, nolabait, nobela handiaren kontrako liburua da edo nire bizitzako garai honetan, nobela handi bat egiteko daukadan interes falta erakusten duena. Gauza txikien liburua; pieza txikiak, era askotakoak, nik nahi ditudan hainbat gauza adierazteko eta kanpora ateratzeko balio didatenak; ipuinak, poemak, saiakeratxoak, gogoetak, kronikak… Horien denen artean osatu nahi nuen nolabaiteko munduari buruzko nire ikuspegia zein den. Txikitatik, egunkarien irakurle amorratua naiz. Egunkaria dena zatikatuta etortzen da; hemen albiste bat, hemen bestea, hemen publizitatea, hemen argazkia… Gaur egun, telebista alde batera utzita, egunkaria da nolabait munduaren aurpegia. Egunkariak dakarren munduaren ikuspegi zatikatu hori oso gogoko dut, polita iruditzen zait. Liburu hau era horretara antolatu nuen.

Aurkezpeneko hitzak ez ditu haizeak eraman kasu honetan…

Aurkezpenean esan nuena, liburuaren zati bat da; liburuan sartu nuen. Joko horiek, niri asko gustatzen zaizkidan artifizio literarioak dira. Alegia, liburuak zu zaren guztia jasoko balu bezala. Liburuak pentsatu duzuna eta idatzi duzuna jasotzen du baina, baita berari buruz jendearen aurrean aurkezterakoan, esango duzuna ere. Horrek liburuari beste kapitulu bat ematen dio. Gustatzen zait horrelako jokoak egitea, bai.

Gauza txiki horiez hitz egiteko beharra sentitu duzu azken liburuetan, ez da ohikoena euskal idazleen artean…

Orain arte ez da bide ibiliena. Urtetan ibili naiz egunkarietan artikuluak idazten. Egunkarietan trebatu dudan erraztasun hori-edo, liburu formatoan jarri nahi nuen. Lan horrek eman didan erraztasuna erabiliz baina, liburuan irauteko, egunkarikoa baino pittin bat sakonagoa izan behar du lanak. Zure pentsamenduaren eta sentimenduen bidez, sarkorragoa izan behar du testu horrek, denboran iraungo badu. Hemendik hamar urtera irakurtzeko modukoa izango baldin bada, testuak egunkariko artikuluen aldean, intentsoagoa izan behar du. Hori egiten saiatu nintzen, egunkarietako estiloa erabili, testu intentsoagoak idatziz. Saiatu behintzat. Mundu kritiko bat ireki nahi nuen. Euskal liburuetan, askotan jendea oso urrun joaten da bere eguneroko bizitzatik. Fikzioa ihesbide bezala hartzen du askok, ziurtasun ezaren estalki bezala. Gure gizarte hau edo munduko salaketek hemen duten eragina erakusten dutenak gutxi dira. Urte hauetan nire idazteko interes bakarra pizten zuen eginahala horixe zen eta oraindik ere, hala izango da beste bolada batean.

Azken lana, Libreta horiko poemak liburuaren jarraipena izan daiteke gaien, tonuaren edo idazkeraren aldetik?

Liburu hau berez, Libreta horiko poemak baino lehenago idatzitakoa da. Azken lan hau idazten bost edo sei urte igaro ditut. Libreta horikoa idatzi nuenean agian, liburu honen erdia baino gehiago idatzita neukan. Zati batzuk falta zitzaizkidan. Liburu hark, bere lekua erreklamatu zuen nigan eta eskaini egin nion nire denbora. Hura amaitu ondoren, jarraitu egin nuen hau idazten. Esan daiteke nire sentiberatasunak orduan zeukan eta oraindik ere badaukan kabi beretik sortutakoak direla biak. Poema batean esaten dut, `une honetan 38 urte dauzkat´. Hala zen orduan baina orain, 42 egingo ditut. Orain dela lau urte idatzi nuen poema da, ez nuen aldatu.

Lanik handiena kontaketa guztien arteko oreka bilatzeak emango zizun…

Liburua argitaratu aurretik, ez nuen dena jarraian inoiz irakurri. Pasa den udan, hilabete bat hartu nuen dena segidan, liburu bat bezala irakurtzeko. Gainerakoan, zatiak ziren; collage bat. Iñaki Aldekoa editoreak miszelanea bat bezala definitu zuen; gogoetak, pasarteak, pasadizoak, bidaia zatiak, irakurketak… Obra bat bezala irakurri nuenean, testu baten eta bestearen artean pasa ziren urteak antzeman ez zitezen saiatu nintzen. Irakurleak ez du nabaritu behar aurreko orrian adjektibo mordoa dagoela eta orri horretan batere ez. Hori akatsa da niretzat liburu baten baitan; irakurleak aztertuko ez badu ere, ezin du inpresio horrekin geratu. Irregulartasun sentsazioa estaltzen saiatu nintzen.

Lan polita bezain neketsua, edo?

Polita da ikustea zuk nola idazten zenuen duela sei urte. Idazleetatik, inork ez du idazten beti igual, denok ari gara aldatzen, modu batera edo bestera: luzatu edo laburtu, hitz berriak tartekatzen ditugu edo erabiltzen genituen hitz batzuk jada ez ditugu erabiltzen. Sintaxia aldatu egiten dugu: klasikoagoa, berriagoa… Denok ari gara aldatzen eta horregatik da polita zuk orain dela sei urte nola egiten zenuen ikustea. Lan hori batzea ere polita da, bai.

Idatzien ordenak buruhausterik sortu al dizu?

Ez, ordena gutxi gorabehera, idazten joan naizen ordena izan da. Idazten joan naizen moduan, liburu erdia behintzat, horrelaxe botatakoa izan da. Bigarren erdia pixka bat planifikatu egin nuen; hemen saiakera, hemen ipuintxoa, hemen bi poesia…

Aholkuak, gertaerak, aitormenak, azalpenak, oroimenak… Irakurleak hausnarketa egitea helburu argia da, ezta?

Irakurleak liburua irakurtzen duenean, hotz ez geratzea da liburuaren helburua. Irakurtzen jarraitzeko gogoa piztea eta zeozer garrantzitsua irakurri duela sentitzea. Irakurleak irakurritakoari mamia ateratzea eta burua esnatzea lortu nahiko nituzke. Bizitzaren joera, normalean, burua makaltzea da, jendearengan ikusi dudanez. Moteltzea da urteek dakarten ondorio naturala eta nire helburua bizkortzea da. Irakurlearen adimenari edo sentiberatasunari zerbait aportatzea.

Maider Ziaurritzek, Berriako iritzi artikulu batean, "literatura tresna bat da Pako Aristirentzat, jendearengan irria, negarra, gorrotoa, berdin dio zer, baina erreakzioren bat eragiteko lanabesa. Horregatik, ihes egin du testu hutsaletatik eta ezer esaten ez duten kontakizun azalekoetatik, zenbaitetan polemika sortzaile, probokatzaile eta zirikatzaile izateraino" zioen.

Nire helburuekin bat datorren iritzia iruditzen zait. Jendea espabilatu nahi dut pixka bat. Barruan zeozer sorrarazi, kalanbre moduko bat-edo; amorrua edo liburua botatzeko gogoa besterik ez bada ere. Loaren aurkako liburuak egin nahi ditut. Askotan jendeak lotara joan aurretik irakurtzen duela esaten du eta horrela, logaletu egiten dela. Hori entzuteak amorrua ematen dit; nire liburuak, loaren aurkako asmoarekin idatzitakoak dira.

Zure bizipenetatik abiatu zara askotan kontaketaren harira. Errespetua galtzen al dio idazleak deskribapen zehatzetan barrua biluzteari?

Zenbaiti errespeto handia edo lotsa ematen dio. Niri ez dit gehiegi eman izan baina, hori nire ibilbidearen ondorioa ere izango da. Oso gazterik hasi nintzen prentsan idazten; kazetaritza ikasten ari nintzela, 19 urterekin, Egin-erako elkarrizketak egiten hasi nintzen. Gero, 1985ean Kcappo lehen liburua atera nuenean, El Diario Vasco-n euskaraz zutabe bat egiten hasi nintzen astero. Orduan 21 urte neuzkan. Adin horretan zutabeak idazten hasten den pertsonak lotsa hori galduta dauka. Izan ere, gehiago edo gutxiago, nahi edo nahi ez, zure nortasuna, zure lagunartea, zure juergak, zure gogoetak, zure maniak, zure ezintasunak… agertzen hasten baitira. Hogei urte inguru nituen garaiko nire bizitzan, askotan jendeak nire artikuluak komentatzen zituen, `pasa den astekoa ona huan´ edo `txarra huan´. Beti bizi izan dut jendeak zutabearen egile bezala lotzea edo liburuak zirenean, idazle bezala identifikatzea. Jendearen aurrean edo ahoan egon naiz gaztetatik. Inoiz egunkarietan idatzi ez duenarentzat diferentea izango da; hark gehiago gorde nahi izango du bere bizitza pertsonala. Baina nik, nahikoa azkar galdu nuen erreparo hori eta ez zait asko kostatzen ni neu bezala agertzea. Institutu garaian, idazten hasi ginenean, lagun batzuek seudonimoarekin atera nahi zuten liburua, euren burua estali nahian-edo. Nik ez dut sekula estali neure burua; `Ni Pako Aristi naiz, kazetaria eta idazlea naiz eta hau idatzi dut. Nahi baduzu irakurri eta, gustatzen ez bazaizu, utzi´. Hori bai, jendeak ezagutzen zaituenean, esaten duzunaren eta zure bizitzaren arteko aldea murriztu egiten da. Besteek zutaz zenbat eta gehiago jakin, orduan eta aukera gutxiago daukazu zuk gezurra esateko. Zuk esaten duzunak logikan edo koherentzian etorri behar du eurek dakiten horrekin. Joko literarioak eman dezakeen mozorrotzea murriztu egiten du nahiz eta literaturan egin daitekeen. Nik egin dezaket Ingalaterrako diplomatiko bati buruzko nobela bat, fikzioak aukera ematen duelako…

Mezuz betetako pasarte asko eta asko biltzen du liburuak. Habana zaharreko pasartea, gaita jotzen erakutsi zizun irakaslearena, Oteizarenena, beldurrarena… aipa daitezke beste askoren artean. Baten bat aipatuko al zenuke zuk bereziki?

Bereziki ez nuke bat aipatuko. Pasarte eta mezu asko dira, bizitza ulertzeko modu bat; batena eta bestearena. Beldurraren katalogoa-n, deigarria egin zitzaidan nire osaba zaharraren erantzuna. Beldurra zerk ematen zion galdetu nion. 85 urte dituela kontuan hartuta, erantzuna hiltzeari izango zela pentsatzen nuen. Hark ezetz, hiltzeak ez zuela kezkatzen. Konponduta zeukan bere barruan hiltzeko eman behar den pauso hori. Bere kezka jendeak kaso egitea zen, har zezatela aintzat kalera ateratzen zenean. Alegia, bakardadea zen bere kezka eta ez heriotza. Horrek harritu egin ninduen. Gainera, jendeak ez duelako heriotzari buruz naturaltasunez hitz egiten gure artean.

Gaztelaniaz ere idatzi duzu poesia bat, La cubana du izena.

Azpeitian hiru kubatar bizi dira, ezkonduta etorri ziren eta erdi dibortziatuta dabiltza. Oso alaiak dira. Hemengo jendea antipatikoa eta hotza dela esaten dute. Behin haietako bat kalean topatu eta, *Hola Nancy, ¿qué tal? nik, eta hark, Pako, escríbeme un poema que me quiero evadir de este mundo*. Bere eskaera izan zen eta definizio ona iruditu zitzaidan; `poema bat egingo dut, mundu honetatik segundo batzuetan behintzat aldegin zaitezten´. Berarentzako egindako poema bat da, berari eman nion. Handik gutxira gizonarengandik bereizi egin zen, beste norbaitekin bizi da orain. Sartu, ez sartu; kuotaren kontuagatik sartu nuen liburuan. Antzerki programazio bat hartuz gero, gaztelaniaz hamabi antzezlan dauden bitartean, euskaraz bakarra edo bi daudela ikusten da. Kuota bat gordetzen da beti euskaraz zerbait egiteko. Mikel Markezek eta biok eskaini genuen emanaldian, askotan gaztelaniaz egiten genuen kantu bat. Kantu hori gaztelaniari gorde genion kuota edo kupoa zela esaten genuen. Nire liburuan ere, kuota txiki bat eman diot gaztelaniari. Kubatar horrekin dudan laguntasuna eta kuota kontu hori salatzeko keinua biltzen ditu poema horrek.

Fikziozko idatziak baztertu al dituzu jada ala errealitatetik fikzioa idaztera itzuliko al zara?

Hasi naiz berriro ere fikzioa berreskuratzen. Ari naiz, bai. Fikzioa idazteko gogoa sartu zait berriro eta, ipuin luze batzuk idazteari ekin diot. Bi bide egiten ari naiz orain; batetik, jarraitzen dut folio baten bueltako testu laburrak egiten: gogoetak, testu poetikoak, mikroerrelatuak… Bestetik, ipuin luzeak egiten hasi naiz; denbora eta giro bati eutsiko dioten ipuinak, pisua dutenak.

Aurrera begirako asmo dezente, beraz…

Idazleok idazten duguna, ia beti, liburu batera bideratzen da gero. Testu laburrak, liburuan sartu nahi ditut eta beharbada, nire hurrengo liburua testu horien bilduma izango da. Agian, ziklo baten amaiera: Libreta horiko poemak, Gauza txikien liburua eta argitaratuko dudan hirugarren lan horrekin, zikloa osatu eta itxi egingo dut. Folio bakarrean idatzitako testu asko dut; ez dakit aurten edo datorren urtean argitaratuko diren, denborak esango du.