Aranagak irabazi du Asturiasko Itzuliko bigarren etapa

Uztarria 2005ko eka. 18a, 18:06

Bukaeran aurre hartu die Astarloari eta Konyshevi

Otsailean Valentziako Itzulian beste etapa bat irabazi zuen

Andoni Aranaga, Kaiku taldeko txirrindulari urrestildarrak, beste poz bat eman die gaur (zapatua) bere taldeari eta jarraitzaileei, Asturiasko Itzuliko bigarren etapa irabazi duelako. Llanes eta Aviles artean korritu da bigarren etapa hori, eta 163 kilometrokoa izan da.

Etapa bukaeran Igor Astarloa eta Dimitri Konyshev zihoazen lehenen, baina Aranagak aurre hartu die lasterketa bukatzeko 200 metro falta zirela. Bigarren bukatu du Astarloak eta hirugarren Konyshevek. Azken hau da itzuliko sailkapen orokorrean aurrena.

"Horrela irabaztea niretzako amets bat zen", zioen atzo Aranagak helmugara aurrena sartu ondoren. Garaipenari buruz ere jardun zen, "oso garrantzitsua izan da bai taldearentzat eta baita niretzako ere".

Bigarren etapako sailkapena:

-1. Andoni Aranaga. 4.05.56.

-2. Igor Astarloa. Denbora berean.

-3. Dimitri Konyshev. d.b.

-4. Erik Zabel. d.b.

-5. Joaquin Sobrino. d.b.

Sailkapen nagusia:

-1. Dimitri Konyshev. 7.34.31.

-2. Igor Astarloa. 04ra.

-3. Samuel Sanchez. 08ra

Aranagak profesionaletan lortu duen bigarren garaipena da. Aurrena ere aurten irabazi du, Valentziako Itzulian, hirugarren etapan. Ihesaldi batean parte hartu zuen David Blanco (Comunidad Valenciana) txirrindulariarekin, eta esprintean irabazi zion.

Urrestildarrak iaz eman zuen saltoa profesionaletara, eta Chocolade Jacques, Belgikako taldea izan zuen debuteko taldea. Aurten pasatu da Kaiku taldera.