Asier Oiartzabal: "Munduko txapelketarako sailkatu naiz, baina ondo sufritu ondoren"

Urola Kostako Hitza 2005ko eka. 13a, 14:06
Asier Oiartzabal Brasilgo Ironmanean helmugara heldu zenean

Urriaren 15ean da Hawaiin Munduko Ironman txapelketa; han izango da Oiartzabal

Ironman probetan inoiz egin duen denbora txarrenarekin lortu du sailkapena (www.urola-kostakohitza.info)

Joan den hilaren bukaeran Brasilgo Ironman proban parte hartu zuen Asier Oiartzabal Disdira azpeitiarrak eta Hawaiiko Munduko Ironman Txapelketarako txartela lortu zuen. Brasilgoa hirugarren Ironmana du, aurretik Austriakoa eta Alemaniakoa egin baititu. Brasilerako hegaldia luzeegia zela-eta, koadrilako batekin joan zen hara: Aitor Bereziartua Napo-rekin, "nire managerrarekin...", dio Oiartzabalek.

Zer moduz Brasilen?

Ondo, gustura. 1.300 lagunek parte hartu genuen eta 52. bukatu nuen. 40 triatloilari profesionalek irten eta nire aurretik 25ek bukatu zuten. Orain arte parte hartu dudan Ironmanetako denbora txarrena Brasilen egin dut: 10 ordu:13 ':11''. Baina orokorrean denbora txarrak egon dira eta horrela lortu dut Hawaiiko Munduko Ironman txapelketarako sailkatzea.

Zer moduzko ibilbidea zen?

Oso zirkuitu gogorra zen, gainera lau kilometro gehitu dizkiote aurten eta izugarrizko haizea egiten zuen. Munduko txapelketarako sailkatu naiz, baina ondo sufritu ondoren.

Hawaiirako sailkatu zara, baina han parte hartzeko asmorik bai?

Bai. Triatloian gabiltzanok hara joan arteko onik ez dugu; denen ametsa da. Nik betidanik eduki dut Hawaiiko Ironmanean parte hartzeko ilusioa. Iaz, han parte hartzeko moduko denbora egin nuen baina ez zegoen lekurik. Hawaikoa ezaguna da, triatloilari onenak joaten direlako.

Urriaren 15ean da Hawaiin Munduko Ironman txapelketa. Orain prestatzen hasi behar, ezta?

Brasilgoa sei hilabetean prestatu dut. Orain pixkat nekatuta nago. Ea pixkat deskantsatu eta, berriz ere, ilusioz prestaketa lanari ekiten diodan. Diru laguntzak ere lortzen hasi beharko dut, urte batean egiteko bi bidaia luze direlako.