Naziotasun Eguna ospatzeko, EHNA ateratzea onena

Uztarria 2005ko eka. 9a, 15:06

Bai Euskal Herriarik antolatuta Naziotasun Eguna ospatuko da Zestoan izEHNA eta izana lelopean

Lau argazkirekin eta 15 eurorekin Azpeitiko udaletxera joan eta bertan atera daiteke EHNA

Atzo, asteazkenez, Bai Euskal Herriari herri ekimenekoek igandean Zestoan ospatuko den Naziotasun Eguna aurkeztu zuten. Hainbat atxikimendu jaso zituzten; tartean bazen Azpeitiko eta Urrestillako jendea: Jose Luis Otamendi eta Pako Aristi idazleak, Mikel Labaka futbolaria, Aitor Zulaika, futboleko entrenatzailea eta Xebastian Lizaso bertsolaria, eta Azpeitian Gazteok Zer!? taldea, esaterako. Bailarako beste hainbatek ere eman zuten atxikimendua, Xabier Gantzarain, Jon Maia, Jon Artano, Jesus Mari Errazu edota Euskal Herrian Euskaraz eta AEK taldeek besteak beste.

"Euskal Herritarrak gara eta guztion artean Euskal Herria izena duen duen nazioa osatzen dugu. EHNAk biak batzen ditu. Batetik, euskal herritarron izena eta izana, eta bestetik, Euskal Herria izena eta izana", zioten Bai Euskal Herriari kidekoek aurkezpenean. Azpeitian EHNA ateratzeko honako hau egin behar da: Lau argazki eta 15 euro bildu, eta udaletxera joan. Han bertan, datuak hartuko dituzte eta denbora tarte batera etxera helduko da EHNA gutun batean.

Egitaraua

Igandean goiz-goizetik hasita ekitaldiak izango dira Zestoan; mendi martxa, pilota partidak, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako herrien arteko herri kirolak, bazkaria... giro ederra jartzeko bide izango dira. Ekitaldi Nagusi bat ere izango da herriko plazan, bertsolari eta dantzarien laguntzarekin. Hona egitarau osoa:

  • 09:00etan, mendi martxa Sastarraingo bailaran barrena.
  • 10:00etan, Diana txistulari eta trikitilarien laguntzarekin. Horren ostean zazpi suziri botako dituzte.
  • 10:30ean, Artisau erakusketa udaletxearen azpian. Gaia: Lino artisautza.
  • 11.00etan, Eskuzko pilota partida frontoi zaharrean.
  • 11:30ean, Umeen txokoa Kultur Etxe atarian: euskal jolasak eta begiraleak egongo dira jolasak sustatzeko.
  • 11:30ean, Zanpantzarrak herriko kaleetan zehar.
  • 12:00etan, Herri kirol norgehiagoka, bertsotan komentatua, frontoi zaharrean. Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako taldeak jardungo dira.
  • 13:00etan, Ekitaldi Nagusia herriko plazan. Bertsolari eta dantzariak ere parte hartuko dute.
  • 14:30ean, Herri bazkaria Laranjadi plazan. Ondoren, Euskal kantak Jaione eta Jonekin.
  • 18:30ean, Kontzertuak herriko plazan: Ttakunpa, Zartako eta 12 Tribu.
  • 21:30ean, Eguna bukatzeko, bi suziri botako dituzte antolatzaileek.