'Loiolarik ez balitz' liburua aurkeztu dute Jose Luis Otamendi eta Iñigo Aranbarrik

Uztarria | Kultura
2005ko eka. 3a, 12:06

Literaturari eta historiari buruzko liburua da, 270 orrialdeetan azaldua

Uztarria Kultur Koordinadorak argitaratu du liburua; zortzigarrena da

Jose Luis Otamendi eta Iñigo Aranbarri Loiolako atarian, aurkezpena egin ondoren.  Argazki originala

Orain dela gutxi, eguerdiko hamabietan aurkeztu dute Loiolarik ez balitz liburua. Uztarria Kultur Koordinadorak argitaratu du eta Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendi idazleek egin dute.

Literatura eta historia uztartzen dira liburuan: "Biltze lana izan da batetik —esan dute egileek—, eta bestetik, geure buruak hala eskatuta, badu literaturaren bulkada, ez da horren akademikoa". Bien arteko ekimena izan da, eta ez derrepentean sortutakoa: "Aspalditik genuen ideia zen. Hemen, gure bailaran, baziren altxor batzuk eta ekarpen horren falta nabaritzen genuen. Poliki-poliki hasi ginen, eta lanean ari ginela kontatzen zaigun historia erdizka bakarrik kontatzen zaigula konturatu ginen, eta ezkutuan zeuden horiek agerian jarri behar zirela pentsatu genuen".

Loiolarik izan ezean, asmatu egin beharko litzatekeela adierazi dute aurkezpenean: "Loiolarik izan ez balitz, zer?, galde dezake norbaitek. Asmatu egin beharko zuketen. Loiola, munduan beste asko bezala, kontrol sozial eta ideologikoko fabrika handi bat da"

Uztarriarentzat, "garrantzitsua da bi hauek bezalako idazleekin elkarlanean jardun izana".

Liburuari buruzko zenbait xehetasun

Egileak. Iñigo Aranbarri eta Jose Luis Otamendi.

Azala. Xabier Gantzarain-ek egin du.

Orrialdeak. 270 orrialde ditu eta aurkibide onomastiko zabala dauka.

Atalak. 37 ataletan dago banatuta liburua.

Argitaratzailea. Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadora.

Egileei buruzko zenbait xehetasun

Inigo Aranbarri

Azkoitian jaio zen 1963an, eta lanbidez irakasle da. Poesia (Jonas Poisson, Dordokak eta elurrak, Harrien lauhazka), nobela (Emon biar yako), kronika (Zapataren oihana, Gure mendea), biografia (Sakabi) eta saioa ("Gerraurreko literatur kritika", Koldo Izagirrerekin batera, eta Hitzak eta giltzak) landu ditu. Berria egunkariko kolaboratzaile da.

Jose Luis Otamendi

Azpeitian jaio zen 1959an, lanbidez irakasle da. Egunsenti biluzia, Azken undinaren kaira, Zainetan murrailak, Poza eta gero, Lur bat zure minari, eta Bakarrik bahago neguan poesia liburuak eta Euri kontuak ipuin bilduma idatzi ditu. Euskal ipuinen antologia bat ere apailatu du, "Desde aquí":http://www.hiru-ed.com/COLECCIONES/MILIA-LASTURKO/milialasturko8.htm.

Liburua salgai

Saltokiak. Azpeitian: Belaetxe, Ekilpse, Iratzar eta Martinez dendatan, eta Uztarriaren egoitzan. Azkoitian: Iratzar, Lujan eta Amaitz dendetan.

Salneurria. 8 euro.

Uztarriako bazkideak. Dagokien tokian ari dira jasotzen, eta ez dute ordaindu beharrik izango. Gaur egun 1.032 bazkide gara.

Tirada. 1.800 ale.

Uztarriaren zortzigarren liburua

Uztarriak argitaratu duen zortzigarren liburua da Loiolarik ez balitz, baina aurreko liburuen aurkezpenetan esan izan duen bezala, "Uztarria ez da argitaletxea, kultur koordinadora baizik".

1998an sortu zen Uztarria, eta euskara, komunikazioa eta kultura dira elkartearen ardatzak. "Komunikazioaren arloan, tresna komunikatiboak sortzea eta garatzea da gure eginbehar nagusia. Hala, Uztarria aldizkaria eta uztarria.com webgunea ditugu, eta Urola Kostako Hitza egunkariko sortzaileetakoak eta bazkide gara. Liburuak ateratzen ere hasi ginen, ordea (2001ean), betiere ardatz horiekin lotutako lanak argitaratzeko eta hutsuneak bete nahian, eta, esan bezala, zortzigarrena da hau".

Ateratako liburuak:

Uztarriak eskerrak eman dizkie Aranbarriri eta Otamendiri, liburua egiten lagundu dutenei ere bai, eta baita lan hau diruz lagundu duten Azkoitiko eta Azpeitiko udalei ere.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu