Juan Inazio Subinas: "Datorren denboraldian Lehen Erregionaleko mailari heldu eta han mantentzeko taldea dugu"

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 30a, 13:05

Orain arte Bigarren Erregionaleko Lagun Onak futbol taldeko entrenatzailea izan da; orain Lehen Erregionalekoa izango da (www.urola-kostakohitza.info)

Bigarren Erregionaleko Lagun Onak futbol taldeak bukatu du dagoeneko, eta gainera Lehen Erregionalera igotzea lortu du. Hitza talde horretako Juan Inazio Subinas entrenatzailearekin jardun da.

Aurreneko urtea Bigarren Erregionaleko Lagun Onak entrenatzen eta igoera lortu duzue. Ondo, ezta?

Bai, pozik gaude. Egia da Bigarren Erregionaleko taldea entrenatzen aurreneko denboraldia egin dudala. Aurreko denboraldian delegatu bezala egon nintzen, eta gero taldea entrenatzeko aukera eskaini zidaten. Hala ere, 18 urte ditudanetik eskola kirolean dabiltzan mutil koskorren taldeak entrenatzen nabil. Eta oraindik horretan ere jarraitzen dut.

Nolako taldea da zuk entrenatu duzuna?

Talde gaztea da, eta denak elkarrekin oso ondo eramaten gara.

Egin duzuen denboraldia nola laburtuko zenuke?

Oso denboraldi ona egin dugu, baina arantza bat gelditu zaigu, finala galtzea.

Mailaz igo zarete, baina datorren urtean mailari heltzeko moduko taldea al daukazue?

Lehen Erregionaleko mailari heldu eta mantentzeko taldea badago. Gainera, jubeniletatik pasako diren jokalariak ere egongo dira, eta denboraldi ona egiteko taldea edukiko dugu. Hirugarren Mailako taldearekin entrenatzen dabiltzan Orbegozo, Nara eta Gorka jokalariek gurekin jokatuko dute aurten, eta hori taldearentzat oso ona da.

Alde handia al dago Bigarren Erregionaletik Lehenengora?

Nik ez dut alde handirik ikusten. Orain ere Ikasberri futbol taldea hor ibili da, eta haien partida batzuk ikusi ditut. Hori bai, beteranoagoak dira.

Hasi al zarete datorren denboraldiarekin pentsatzen?

Ez gara hasi. Orain jokalariak ikasketekin ari dira buru-belarri. Zeinek jarraituko duten-eta ez dugu hitz egin.

Igoera ospatu al duzue?

Bai, ospatu beharrekoa ondo ospatu genuen.