Parte hartze handia arrantzan

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 30a, 13:05

.66 lagunek parte hartu eta 29 amuarrain atera zituzten txapelketan

Handiena 559 gramokoa izan zen, Iñigo Ostolazak harrapatutakoa (www.urola-kostakohitza.info)

Parte hartze handia izan zuen atzo goizean Azpeitiko XIV. Amuarrain Arrantza Txapelketak; inoiz izan duen handiena hain zuzen ere. Infantil eta alebin mailako 66 arrantzale gaztek jardun zuten amuarrainak harrapatzen Urola ibaian. Azpeitiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Txalintxo Elkarteak eta Zumaiako Anade Elkarteak antolatzen dute arrantza txapelketa. Antolatzaileak gustura ziren txapelketak izandako harrerarekin. "Inoiz ez dugu izan horrelako parte hartzerik, eta gainera txapelketan ez da ezustekorik gertatu", zioten.

Goizeko 08:30ean Enparan Dorretxean elkartu eta ordu erdi barru izena emandako gazte denak ibaian sartuta ziren. 12:00ak arteko tartea zuten amuarrainak harrapatzeko. 11:00ak aldera, elkarri galdezka ari ziren arrantzaleak. "Zenbat harrapatu dituzue?", Enparango zubitik oihuka ari ziren batzuk ibaian ia gerriraino sartuta zebiltzan lagunei. 11:30erako jakinekoa zen Mikel Azkue izango zela txapelduna, ordurako sei amuarrain harrapatuta zituelako. Guztira 29 amuarrain harrapatu zituzten. Arrantzatutako amuarrain handienaren saria ere ematen dute, eta atzo handiena 559 gramokoa izan zen, Iñigo Ostolazak harrapatutakoa.