Amaia Garmendia eta Arantxa Orbea: "Erretz karta joko txapelketa dagoeneko usadio bihurtu da Eliz kaleko Korputz jaietan"

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 26a, 18:05

Aurten 25 urte beteko dituzte Korputz jaiek Eliz kalean

Emakumeen pilota txapelketa antolatu dute; bosgarrena (www.urola-kostakohitza.info)

Eliz kaleko Korputz jaiek aurten 25 urte beteko dituzte. Asteburu honetan eta hurrengoan ospatuko dituzte festak. Bihar, 23:00etan Bakartxo antzezlana dago Mendizaletan. Festetako gorabeherak Arantxa Orbea eta Amaia Garmendia antolatzaileek kontatu dituzte.

Aurten 25 urte beteko dituzte Eliz kaleko Korputz jaiek. Nolatan hasi zineten antolatzen?

Eliz kalean lehen garai batean Korputz eguna ospatzen zen. Hala zioten gure gurasoek-eta. Behin zerbait antolatzen hasi behar genuela eta soinujoleak jarri genituen. Gero, festak antolatzeko Udalari dirua eskatzen hasi ginen, eta baita kaleko denda eta tabernei ere. Horiek, laguntzen hasi ziren eta halaxe gero eta gauza gehiago antolatzen ditugu. Aurten, gainera, 25. urteurrena dela-eta ekitaldi gehiago antolatu ditugu eta kamisetak jarri ditugu saltzen, 14 eurotan.

Etzi jokatuko den Erretz Txapelketa ohiko bihurtu da Eliz kaleko Korputz jaietan. Aurten XVIII. aldia du txapelketak.

Hilero lagunarte bat elkartzen gara karta jokoan aritzeko, eta erretz txapelketa bat egiten dugu geure artean. Ohitura dugu. Halaxe, jaien egitarauan sartzen hasi ginen eta urteroko usadio bihurtu da. Mus txapelketarik ez dugu antolatzen, ez dakigulako jokatzen.

Emakumeen pilota txapelketa ere bosgarren aldiz jokatuko da aurten.

Bai, hala da. Gizonezkoentzako bestela ere txapelketa ugari egoten dela-eta emakumeentzako pilota txapelketa antolatzen hasi ginen. Lehen urteetan lagunartean aritzen ginen, baina gero eta jende gehiagok parte hartzen du bertan.