Lan Mobel Iraurgik igoera du gaur jokoan

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 20a, 16:05

Gaur, 20:30ean jokatuko du saskibaloi taldeak Ardoiren aurka, Azpeitiko kiroldegian (www.urola-kostakohitza.info)

Atzo, osteguna, Ion Arozena jokalaria uztarria.com-eko On-line atalean izan zen jendeak eginiko galderei erantzuten: Arozena

Lehen Mailako Lan Mobel Iraurgi Saskibaloi Taldeak EBA Ligara igotzeko aukera du jokoan gaur Ardoiren aurka duen partidan. 20:30ean hasiko da norgehiagoka Azpeitiko kiroldegian.

EBA Ligara igotzeko faseko sailkapenean bigarren dago Lan Mobel Iraurgi, Heliosen atzetik. Ardoi, berriz, sailkapenean seigarrena dago, azkena, alegia. Iruñean bi taldeek elkarren aurka jokatu zutenean 61-62 emaitzarekin Lan Mobel Iraurgik irabazi zuen norgehiagoka.

Giro ona harmailetan

Gaur kiroldegiko harmailak zaletuz beteko direlakoan daude Iraurgi Saskibaloi Taldeko arduradunak. Izan ere, Lan Mobel Iraurgik etxean jokatu dituen azken partidetan "giro oso ona" izan da bertan. Aurrekoetan bezalaxe gaur ere giroa berotzeko txaranga izango da jendartean. Iraurgik irabaziz gero, beraz, jai giroa ziurtatuta dago.