Fernando Morillo: "Nork dio letrak eta zientzia desberdinak direla?"

Matraka 2005ko mai. 19a, 16:05

"Idazlea eta zientziazalea. Aurrena Euskaraz maitemindu, eta gero euskarak maitemindu zuela aitortu digu. Zientziaz erabiltzen ditu letrak." (www.matraka.info)

Matrakazaleek bidalitako galderei erantzun die idazle azpeitiarrak

Honatx elkarrizketa osoa:

"1- Nolakoa da zuretzat, egun perfektua?

Lagun on bat, ezinezko leku bat, istorio aparta bat: koktelera batez nahastu, eta horra egun perfektua.

2- Euskal literatura nola ikusten duzu? Zer du faltan eta zer soberan?

Gero eta liburu-mota gehiago dago euskaraz, esperimentu gehiago, ahots gehiago. Oztopoak oztopo, ezin esan bereziki gaizki gaudenik. Sobera ikusten dudana: tarteka sumatzen den autogutxiespen ukitua. Osotasunean hartuta, euskal literatura ez da beste literaturak baino hobea, ezta txarragoa ere. Denetik dago eta horrela behar du.

3- Gazte askoren ametsa da idazle izatea. Baina erraza al da amets hori Euskal Herrian betetzea?

Gazte askoren ametsa... Ea gazte askok entzuten dizuten! Erraza? Guztiok dakigu euskalduna herri txikia dela, horrek dakartzan mugekin, baina demontre, ba ote inon lan errazik? Idazle izateak eskaintzen duena askoz gehiago da eskatzen duena baino. Euskal Herrian idazle izateko? Sekretua sinplea da: edonon bezala, edozertan bezala, gogoa jarri.

4- Zer gertatu behar da idazle famatu, kodiziatu eta aberatsa bihurtzeko?

Famatuarena guztiz erlatiboa da... (ahaztu). Kodiziatuarena nahiago nuke! (alegia, ahaztu). Eta aberats bihurtzearena... Bai, oso, absolutuki. Horretarako baldintza garrantzitsuena (bakarra?) da barruan atera nahian dabiltzan istorio horiek irtenaraztea (lotsak lotsa, kritikak kritika). Hots, norberaren ahotsa entzutea. Fama edo kodiziaz harago, horra hor altxor paregabea.

5- Zientzietakoa zarela entzun dut. Eta idazlea. Zientzia eta letrak uztartzerik ba al dago ba?

Zientziaren mamia eta bihotza (inolako txantxarik gabe) poesia da. Unibertsoa, bizitza edo kontzientzia guztiz absurduak direla (garela!) jakin, eta hala ere ulertu nahi izatea, zentzu bat eman nahi izatea... Izugarria da. Eta zer egiten du literaturak horixe bera ez bada? Ezinezko borroka dute funtsa. Poesia dute funtsa. Biek. Nori demontre bururatu zitzaion ezberdinak direla?

6- Idaztea ala irakurtzea nahiago?

Bidaiatzea, mugitzea, nabigatzea. Eta, zorionez, idazten zein irakurtzen egiten dut. Nolatan dago jendea irakurtzea gogoko (omen?) ez duena, idaztea ezinezkotzat/alferrikakotzat daukana?

7-Zure azken liburua gaztelerara itzultzeak ilusio handia egin dizula entzun nizun irratian. Zergatik?

Idaztea beharra dut, eta euskaraz egitea behar sentimentala. Baina horrek ez du kentzen (nola?) beste hizkuntza batzuk gozatzea, beste bide batzuk ibiltzea. Itzultzea esperientzia ezberdina izan zen, oso eskergarria. Ez daukat zalantzarik erdarak lantzeak euskal idazle hobea egingo nauela.

8- Entzun dut parrandetan kroketa bihurtzen zarela. Zelan da hori?

Literatur teknika berezia da. Baina lagunen aurrean bakarrik bihurtzen naiz kroketa, sekretu profesionala baita. Animatuz gero, egunen batean hots egin eta egingo dugu kroketa-saioren bat elkarrekin.

9- Gazteei edo nerabeei zuzendutako edo gai hoiei buruzko liburuak idatzi dituzu. Obsesio edo zaletasunen bat al duzu garai horrekin?

1- Literatura gatazka da, eta garai gatazkatsuenetakoa, hain zuzen, nerabezaroa da: hainbat korapilo eta oinaze hortxe jasango ditugu lehenbiziko aldiz (gero, urteen joanean, erlatibizatuz goazen arren). 2- Amets egiteko gaitasuna bera ere, askotan, herdoildu egiten da. Nerabezaroan ez. Nerabezaroan zilegi da amets egitea.

Sasoi oparoa da, hortaz, oinazetan eta ametsetan: alegia, istorioetan. Beharko gogokoa izan!

10- Ze izango zinateke idazlea izan ez bazina?

Naizena. Baina liburu gutxixeagorekin.

11- Literaturak ez omen du jateko ematen. Baina zerbait emango du hainbeste idazle egoteko, ez?

Hainbeste dago? Ez dut idazlerik ezagutzen idazle SOILA dena. Idazle moduan irauteko, istorioak harilkatzeaz gain, eskolak eman behar dira, edo itzulpenak egin, gidoiak, hitzaldiak, kolaborazioak Edonola ere (arestian aipatu dut), anizkoiztasun hori erabateko altxorra da: jendea, lekuak, istorioak ezagutzeko aukera itzela. Horregatik egongo da hainbeste??

12- Zure familia euskalduna ez dela entzun dut. Nola lortu duzu zuk horrelako euskara maila?

Lehenik eta behin, arrazoi sentimentalak daude. Euskaraz maitemindu nintzen lehenengo aldiz, eta euskararekin gero. Inguratzen nauena hobeto ulertu/bizi/ederretsi ahal izateko, ezinbestekoa nuen hizkuntzak eskaintzen zidan hurbilpena (hain zaila dirudi hainbatentzat horixe onartzea!).

Euskara-mailari dagokionez, neurri batean behintzat, sorterriari eskertu behar: azpeitiarra naiz. Gasteizko euskaldun batek, adibidez, nekez bizi ahal izango du euskaraz egunerokotasunean. Azpeitian pixka bat errazagoa da.

13- Kaixo Fernando. Zergatik hasi zinen idazten?

Kaixo. Zergatik hasi nintzen? Auskalo, neska! Txikitan ez neukan batere asmorik idazteko. Astronomo ikusten nuen neure burua, mendietan galduta eta izarrak aztertzen. Baina barne-ekaitz batek jotzen ninduen bakoitzean paperak zikintzen nituen. Horrek barrenak arintzen zizkidan. Halako batean sari txikiren bat, liburuxkaren bat eta konturatzerako idazle nintzen. Dena dela, galtzen jarraitzen dut (mendietan eta nonahi), eta izarrak aztertzen: txikitan pentsatzen nuena, pentsatzen ez nuen moduan.

14- Euskaraz egiten den literatura nahiko eskasa dela dion bati zer esango zenioke?

Ez dakienaz ari dela.

15- Literatura sariek balio al dute literatura sustatzeko? Bestelako neurririk beharko al litzateke?

Sariak dira hamaika hankadun mahai bateko hanketako bat. Norbere burua lehiatzeko balio dezakete, merkatuan ezagutarazteko, poltsikoko zuloak estaltzen laguntzeko. Oso kontra daudenak ere badira. Oso erraza dute: ez parte hartu eta kitto.

Literatura sustatzeko bestelako neurriak... Ez da auzi erraza! Funtsezkoa: gure gaztetxoek (etorkizuna) literatura gozatzea eta ez jasatea. Nola? Pisua fantasian jarriz eta ez gramatikan. Gramatika teknika da; fantasia, magia hutsa."

Ipuintxoak

Idazle bat: Erraza da ba! Nietzsche, agian? Borges?

**Idazleak pertsona bereziak omen dira:* Ez dut pertsona normalik* ezagutzen.

Zerk inspiratzen zaitu?: Lagunarteak, itsasoak, mendiak, bakardadeak... Zerk ez?

Fikzioa ala errealitatea?: Biak: BIZITZA (maiuskulaz).

Zure afizio maiteena? Galtzea, eta aurkitzea.