Txalintxora ibilaldia antolatu du Lagun Onak M.B.-k

Uztarria 2005ko mai. 17a, 14:05

Meza, trikitilariak eta umeentzako jolasak antolatu dira

'Mendi Astea 2005'-erako antolatu diren ekitaldietara joateko gonbitea zabaldu nahi die herritarrei; datorren astean izango dira

Txalintxora egun guztiko ibilaldia antolatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak. Igande honetan, maiatzak 22, goizeko bederatzietan aterako dira plazatik.

Behin bertaratutakoan, meza eta festa giroa egongo da: 12:00etan Meza nagusia eta ondoren salda banatuko dute. Trikitilariak ibiliko dira giroa alaitzen eta, eguraldiak lagunduz gero, umeentzako jolasak jarriko dituzte.

Mendi Bazkunak ohar bat zabaldu nahi du, Xoxoteko egunean domina jaso nahi duten umeentzako: "Umeen txartelak jasoko dira igandean. Txalintxora joan ezin duen umeak elkarteko tabernako buzoian utzi beharko du txartela maiatzak 23 (astelehena) baino lehen", diote.

Mendi Astea

Bide batez, datorren asterako antolatu den Mendi Astean zehar egongo diren ekitaldietara joateko gonbitea egin nahi die azpeitiarrei. Horren berri hementxe izan dezakezu: 2005eko Mendi Astea