Aratz-errekako jaiak hastear dira

Urola Kostako Hitza 2005ko mai. 11a, 17:05

Sanisidroetan mus txapelketa, nork arrautza egosi gehiago jan, eta txinga norgehiagoka izango dira, besteak beste (urola-kostakohitza.info)

Etzi hasi eta asteburu osoan sanisidroak ospatuko dituzte Aratz-errekan. Ostiralean, txupinazoarekin hasiko dira jaiak, eta kirola eta jaia uztartuz igaroko dituzte auzoko jaiak.

Auzotarrek eta hara joaten diren guztiek parte hartzeko moduko jaiak antolatu dituzte, batik bat "jendearen parte hartzea bultzatu asmoz" antolatu baitituzte. Hala nola, urtero sanisidroetan ohikoak diren mus txapelketa eta mendi buelta ez dira faltako, eta ezta auzoko tabernan afalostean egiten den lehiaketa bitxia ere: ea nork arrautza egosi gehigo jan.

Aurten, gainera, San Isidro egunez, herri kirolen saioan parte hartu nahi dutenentzako txinga lehiaketa prestatu dute Aratz-errekan. Norgehiagoka bertan bildutakoen artean egingo da, eta plaza gehien egiten dituenak 50 euroko saria jasoko du. Bestetik, jaialdi horretan, aizkoran gazte mailako binakako txapeldunak diren Igertza eta Otaegi elkarren aurka ariko dira.